Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Australiako 'jangle'-a

$
0
0
Behin baino gehiagotan aipatu ditudan Pretty Olivia Records (Alacant) eta Tenorio Cotobade (Madril) pop diskoetxe artisauen kalitatezko eskaintza irmotzera dator Madrilen finkatutako Meritorio Records.

Iragan astean izan nuen, hain justu, diskoaren eta zigiluaren berri, Madrilgo Radio City disko-denda finak Facebooken argitaratutako post baten bidez: « Asteko albisterik onena. Diskoa Melbourne hiriko Glaciers taldeak egin du. Go-Betweens, Felt, Sea Urchins edo los Pale Saints, baina jangle kutsu gehiagorekin, hortik tiraka. Diskoa bikaina da, eta eskerrik asko Alvaro Lissonik eratu berri duen Meritorio zigiluari, zeinak berri on asko ekarriko dizkigun». «Liluragarriak Glaciers», erantzun zuen post berean Pretty Olivia Records diskoetxeko arduradun Javier Abad Estevek.

Hori guztia irakurri, eta zin dagit, Meritorioren Bandcamp gunean sartu nintzen eta berehala eskuratu nuen LPa —bai, diskoak formatu fisikoan, eta entzun gabe erosten duen zoroetako bat naiz—, baina aurreko erreferentziak irakurri eta gero, ez nuen zalantza izpirik izan. Eta inoiz zeharka aipatu dudan lagunak pentsatuko du: «badator Julen berriro ere jangle terminoarekin eta Australiarekin». Bada, aitortu behar dut bi hitz horiek mantentzen nautela gehienbat gaurkotasun musikalera lotuta.

Hala, Australiako talde gaztearen estreinako iraupen luzeko grabazioak gitarra anpulutsuekin zipriztindutako 11 kantu melodiko biltzen ditu, tarteka oihartzun psikodeliko sotilak haizatzen dituztenak. Batzuetan The Smiths gogorarazten dute, No Future-k kasurako, ahotsaren kutsu Morrisey zaleagatik edo; beste batzuetan, berriz, The Bats, Career Crisis kantuan esaterako, gitarra akustikoak tarteko. Hamaika kantuok pop osotasun hipnotizagarri eta kutsakorra osatzen dute, batez ere ahots eta gitarrak erakusten duten estalkiagatik, zeinak ezaugarri jakin batzuk erakusten dituen. Taldearen hitzetan, «Eskozia, Irlanda eta Zeelanda Berria, 1984-1992».

Taldearen gaztetasuna, gainera, hitzetan ere azaltzen da, diskoan bildutako testuak taldekideek 20 urte zeuzkatenean egiten zituzten gauzen ingurukoak baitira: «Lana bilatu, lagunak egin eta galdu, erantzukizunarekin borrokatu, eta oro har, patua eraikitzeko ahaleginak egin».

Horrek guztiak, bere sinpletasunean —eta ez sinplekerian—, erabat harrapatu nau, aurten entzun dudan disko kitzikagarriena dela esatera ausartu arte, askok apartekorik sumatuko ez duten arren. Halere, apartekotasun preziatu hori, egotekotan, Glaciersen melodietan aurkitu dut nik, kantuen arteko hari fina eta itsaskorra josten baitute, doinuok entzulearen buruan iltzatzeko asmoz, eta txertatu ere aise egin zaizkit, gozo-gozo. Eduardo Ranedo musika-kazetari bilbotarraren esanetan, «alimalekoa», bai eta magikoa ere.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik