Ximun Fuchs da zuzendaria, eta antzezleak, Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Redondo, Erika Olaizola eta Pako Revueltas.
Epaimahaia Eriz Alberdik (AISGE), Javier Arbillagak (publikoaren ordezkaria), Maitane Goldarazenak (publikoaren ordezkaria), Amagoia Lauzirikak (Euskal Aktoreen Batasuna), Ritxi Lizartzak (itzultzailea), Beñat Sarasolak (EHAZE), Frank Suarezek (EKE) eta Jaime Valverdek (antzerki kritikaria) osatu dute, eta haien arabera "sorkuntza lan bikaina" da Francoren bilobari gutuna: "Nabarmentzekoa da gaiak lantzerakoan aurretik egindako ikerketa lan sakona. Talde lana zoragarria da eta trebetasun dramatiko ikaragarria erakutsi dute, bizitasun handiko momentuak une hunkigarriekin tartekatuz".
Aurreko urtean Donostian estreinatutako euskarazko antzerki lanen artean aukeratu du epaimahaiak Artedramak, Dejabu Panpin Laboraregiak eta Le Theatre de Painek sortutako lana. Orotara 17 antzezlan estreinatu ziren iaz Donostian.
Saria -Iñigo Manterolaren eskultura bat eta 12.000 euro- martxoaren 27an jasoko dute Viktoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldian. 10.000 euro jasoko dituzte orain, eta gainerako 2.000 euroak 2019. urte baino lehen beste obra bat prestatzen badute.
Hiru gai ditu ardatz antzezlanak: gizartearen osasuna, izugarrikerien transmisioa, eta frankismoaren oroimena eta herentzia. Zergatik gutun bat bidali Francoren bilobari? Gunter Anders Alemaniako filosofo judu bat izan zen. Adolf Eichmann, juduen deportatzailea II. Mundu Gerran. Andersek Gu Eichmannen seme-alabak idatzi zuen, Eichmannen semeari idatziriko gutun moduan, bere aitak egin zuen hartatik aldentzeko eskatuz, eta nazismoaren aurkako borrokara batu zedin.
Nazismoak auziak izan zituen Jerusalemen eta Nurenbergen. Frankismoak, ordea, ez; eta halako gutunik ezin izan dute idatzi. Ideia horri jarraitu diote antzerkiaren haria osatzeko, eta herriak jasandako «traumak» -Fuschen hitzetan- azaleratzeko. Haren ustez, kulturak tresnak izan behar ditu trauma horiek sendatzeko.
Hamazazpigarrenez emango dute Donostia antzerki saria. Ados taldeak jaso zuen iaz, eta, 2015ean, Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak lana saritu zuten. 2014an, berriz, Tartean Teatroren Lingua Nabajorum.
Artedramak, Dejabu Panpin Laboraregiak eta Le Theatre de Painek 2011n ere jaso zuten saria Errautsak antzezlanarekin.