Rafael Aranda, Carme Pigem eta Ramon Vilalta arkitektoek 1988an sortu zuten RCR estudioa Oloten (Girona, Herrialde Katalanak), eta Pritzker sarien epaimahaiak adierazi duenez, lan egiten duten lekuarekin erakutsi duten "konpromiso irmoa" saritu dute munduko arkitektura sari nagusiarekin. Tom Pritzker Hyatt Fundazioko presidenteak eman du sariaren berri gaur Chicagon, AEBetan.
"Aranda, Pigem eta Vilaltaren lanek espazio publiko zein pribatuak jorratzen dituzte, kultur zentroak eta hezkuntza eraikinak, eta leku bakoitzaren ingurugiro zehatzarekin harremanetan jartzeko gaitasuna beren prozesuaren eta zintzotasun sakonaren erakuslea da", adierazi du epaimahaiak.
Pritzkerrek nabarmendu du aurreneko aldia dela hiru arkitektori ematen zaiela saria. Gaineratu du saria haien lanei ematen zaiela, eta ez estudioari.