Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990
↧

Lau hamarkada baino gehiago R

$
0
0

'Isabel Garai'

Non: Bilboko Rekalde aretoan. Noiz arte: Ekainaren 4ra arte.

Bizi dugun artearen munduan, inguruaren masifikazioaren eraginez, estimuluak jarraituak izaten dira, onerako eta txarrerako, eta zaila izaten da batzuetan benetan garrantzitsua izan daitekeen horretan begirada ezartzea. Honako honetan benetan ezinbestekoa den estimulu baten aurrean gaude, Rekalde aretoak Isabel Garairen inguruan antolaturiko erakusketak parada eskaintzen baitigu inguruko artista interesgarrienetako baten sormen ikerketa zabala gertutik ezagutzeko.

1946. urtean Muskizen jaiotako artistaren lanak 1980ko hamarkada erdialdean ezagutu zuen heldutasuna: buztin erregogorrez sortutako forma antropomorfikoetatik hasi, eta minimalismoaren bidetik geometria eta abstrakzioan murgilduz doan sorkuntza bat garatu arte. Eta garrantzi berezia hartu zuten seriean eginiko eskultura modularrek 90eko hamarkadatik aurrera. Horrela, 80ko eta 90eko hamarkadetan hainbat sorkuntza bideren bitartez buztin eta altzairuek protagonismoa jasotzen duten arren, mende hasieratik aurrera aluminioak eta beirak hartzen dute haien lekua, eta, formez gain, materialen bidez ere garapen bat ematen da.

Eskulturaz gain, pinturak eta marrazkiak ere badute garrantzia erakusketan. Lan hauen artean bereizketa bat dago. Alde batetik, eskultura modularren ikerketa-marrazkiak daude, pastelaren eta arkatzaren bitartez eraikitakoak eta lan prozesuaren dokumentu ezin hobeak. Bestalde, berriz, eskulturaren ikerketatik at, oso interesgarria da 2012. eta 2014. urteen artean sortutako El cielo y su geometría saila. Bertan, paper gaineko pastelaren bidez, artistak sintetizazio eta geometria lan bat garatu zuen. Lan hauek bi obrak osatzen dituzte; lehenak zeruko forma eta kolore difuminatuak aurkezten ditu, eta albokoak, berriz, lehen emaitza horren bertsio sintetizatua aurkezten du, azalera forma zuzen eta kolore planoetan eraldatuz.

Nahiz eta 1995. urteko Génesis lanak ematen dion hasiera (ageriko arrazoiengatik), erakusketa osotasunean ibilbide eskultorikoaren kronologiaren arabera garatzen dela esan dezakegu, aurretik aipatutako pintura sailaren salbuespenarekin, azken hau aretoan zehar zabaltzen baita. Artistaren eskulturaren garapena jarraitzen dudanean, bai sormen prozesuen bidetik eta bai materialaren erabilera aldetik, agerikoa da mugimenduarekin lotzen den irakurketa bat sortzen dela, batez ere bi alorretan oinarriturik: forma modularren erabileran —hainbat eraikuntza eta formaren sorrera errazten duena— eta materialen aukeraketaren garapenean —geroz eta arin eta gardenagoak—.

1986 eta 1989 arteko Aifos, Apolo, Gea eta Columna-ren forma antropomorfiko eta arkitektoniko beroak, buztin erregogorraren erabilerak areagoturik, poliki-poliki doaz geometria hotz eta gogorrago baterantz bideratzen, eta 1989. urteko Viera da Silva da horren adibide, hor sartzen baita altzairua ere. 90eko hamarkada hasieran Garaik asko erabili zuen altzairua eta buztin erregogorraren nahasketa, eta benetan interesgarri diren lurreko hainbat lan ikus ditzakegu forma modularren erabileraren hasierarekin, Barras y estrellas saila (1990) eta Sobre triangulos (1991) besteak beste. Materialen laztasuna alde batera utzi gabe, Aire armado sailak (1993-1994) aurkezten zaizkigu. Hauetan, lurretik altxatuz doa eskultura, laztutako altzairu bidezko ertzek eraikitako laukien bidez, eta hor hasten dira sortzen nolabaiteko gardentasun zakar baten inguruan eraikitzen diren egitura geometrikoak.

90eko hamarkadaren bigarren erdialdean, berriz, laztutako altzairuarekin jarraituz, Fugas lan saila aurkezten zaigu. Pinturaren eta eskulturaren artean, laztutako altzairuen pilaketa bitartez, hainbat noranzko lerro planoak sortzen ditu artistak, zilarreztaturik eta urreztaturik, eta paretako lan materikoak sortzen ditu hala. Eskulturarekiko aldentze honek —erdibideko lan hauek hala kontsideratzen baditugu— XXI. mende hasierara garamatza, pauso berri bat ematen baita ibilbide aberats eta emankor horren barruan: Modulo y materia lan multzoa, zehazki. 2000. urtekoak dira aluminioz sortutako lanok. Forma berdinen pilaketak sortuz eraikitzen dira eskulturak, anodizatutako aluminio beltzaren kolore aldaketarekin jolastuz. Lurrean edo paretan zabaldu edo lurretik altxatzen diren lanak dira, koloreen hartu-emana errespetatuz figura eta koadrikula ezberdinak sortzen dituztenak.

Erakusketako azken lanarekin ematen du proposamenen eta materialen arintasuna eta sinpletasunak bere gorena: Vidrio lanarekin (2005). Hiru koloreko bederatzi modulu berdinez osaturik dago (hiru kolore haietariko bakoitzeko), eta sinpletasuna, arintasuna eta aldakortasunaren gorena irudikatzen du. Ibilbidearen hasierako forma antropomorfoekin batera pieza horrek argi erakusten du 2016. urtean zendu zen artistaren ibilbidearen aberastasuna. Benetan ezinbestekoa.
↧

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik