Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Ildiko Enyediren 'Testr´´ol és lélekr´´ol' filmak irabazi du Urrezko Hartza

$
0
0
Hungariara joan da aurtengo Berlinale zinema jaialdiko sari nagusia. Ildiko Enyedi zinemagilearen Testr´´ol és lélekr´´o (On Body and Soul) filmak eraman du lan onenaren Urrezko Hartza. Samurtasunez kontatua, maitasun istorio berezi bat ondu du zinemagile hungariarrak, eta haren begirada saritu du Paul Verhoeven zuzendari herbeheretarra buru zuen epaimahaiak, lehian ziren hemezortzi filmen artetik. Atzo iluntzean egin zuten Berlinaleren 67. edizioko sari banaketa ekitaldia.

Faboritoen artean aipatzen zen Aki Kaurismaki, eta ez zen saririk gabe joan: zinemagile finlandiarrarentzat izan zen Zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza. Toivon tuolla puolen (The Other Side of Hope) aurkeztu zuen lehiara, errefuxiatu siriar bat protagonista duen lana, eta hiru hamarkadako ibilbidearen ondotik, zinemagileak erretiroa hartuko duela iragarri du asteon bertan. Jaialdiak haren ibilbideari eginiko keinutzat hartuko zuten askok, hortaz, erabakia. Kaurismaki ez zen agertokira igo saria jasotzera, eta epaimahaiko kideak joan ziren hura eserita zegoen eserlekuraino, hari garaikurra eskura eramatera. Zutitu, eta labur, eskerrak emanez erantzun zuen hark.

Epaimahaiaren Sari Nagusia- Zilarrezko Hartza, berriz, Félicité lanarentzat izan zen, Alain Gomis zinemagile frantziar-senegaldarrarena, Kinshasako emakume borrokalari baten bizitza ardatz duena. Alfred Bauerren izena daraman Zilarrezko Hartza, «ikuspegi berriak irekitzeari ekarpena» egitea saritzen duena, berriz, Agnieszka Holland zuzendari poloniarrak jaso zuen, Pokot / Spoor lanari esker. Hainbat genero nahasiz egin du filma zinemagileak.

Interpretazioei dagokienean, Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza Georg Friedrich alemaniarrarentzat izan zen, Helle Nachte / Bright Nights filmean egindako lanagatik. Thomas Arslanen zuzendaritzapean jardun du aktoreak filmean. Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza, berriz, Kim Minheek eraman zuen, Hong Sang soo zuzendari korearraren Bamui haebyun-eoseo honja / On the Beach at Night Alone lanean egindako interpretazioagatik.

Gidoi onenaren saria Txilera joan zen, Sebastian Lelio zinemagilearen Una mujer fantástica lanak eraman baitzuen. Leliok berak eta Gonzalo Mazak elkarlanean idatzi zuten filmaren gidoia, eta protagonistaren rola jokatu duen Daniela Vega aktoreari eskaini zioten saria.

Ikusleen eguna

Opera prima onenaren Zilarrezko Hartza Carla Simon zinemagile katalanak eskuratu zuen, Estiu 1993 autobiografikoagatik. Film laburren Urrezko Hartza, berriz, Diogo Costa Amaranteren Cidade pequena lanak eraman zuen.

Urrezko Hartza lortzeko lehian ziren hemezortzi filmez gain, orotara, 400 proiekzio inguru bildu ditu jaialdiak, sail ezberdinetan banatuta, eta 330.000 sarrera saldu direla jakinarazi du. Sariak banatuta, gaur bukatuko da 67. Berlinale; ikusleen eguna izango da gaurkoa, eta programa zabalaren aukeraketa bat eskainiko dute zinema aretoetan.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik