'The Winter's Tale'
Konpainia: Cheek by Jowl. Zuzendaria: Declan Donnellan. Eszenografia: Nick Ormerod. Argiak: Judith Greenwood. Soinua: Fred Riding. Mugimendu zuzendaria: Jane Gibson. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 16.Aste honetan bi Shakespeare etorri dira Bilboko Arriaga antzokira eta, bitxia bada ere, antzeko hautuak egin dituzte bi muntaietako zuzendariek bata zein bestea eszenaratzerakoan.
Cheek by Jowl konpainia ingelesak ekarri digu The Winter's Tale (Neguko ipuina) hau, eta Declan Donnellanek aktore-zuzendaritzan dituen bertuteak frogatu dizkigu, dohain horietan oinarritu delako emanaldiaren hiru orduetan denboratik kanpo egotearen sentsazio magikoa. Eszenatokiaren hondoan proiektatu diren hitz ederrek berriz baieztatu digute egileak maila liriko gaindiezina erdietsi zuela arimaren emozioak eta gatazkak irudikatzean, eta oraindik ere miragarri egiten zaigula bere lumatik guganaino doan bidea.
Ildo beretik, deigarria egin zait ikustea nolako abileziarekin maneiatzen zituen eszenako elementuak gizakion funtsezko gaiei ekiteko, eta bereziki eskertu dut boteretsuen azpiko guztiek —Paulinak, Camillok, artzainak...— erakutsi duten jakituria eta osotasun morala. Bestetik, oso polita iruditu zait gaurko antzezlanetatik desagertu diren osagai anakroniko zoragarri haiek beldurrik gabe baina era garaikidean erakutsi izana. Horra hor adibide batzuk: otsoak pertsonaia bat jaten du, Delfoseko orakulua ezinbestekoa da justizia ezartzean, Sizilia eta Bohemia erresuma fantastikoak dira, Hermiona hila bere estatuaren bidez biziberrituko da, eta —greziar tragedietan bezala— artzain batek jasotzen du errege gaiztoaren haur abandonatua, aurretiaz idatzitako patua halabeharrez bete dadin.
Baina oraingoan ez gaude greziarren garai tragikoetan, eta William bere ikusleen gustuko amaiera prestatzen joan zen antzezlanaren erdialdetik aurrera. Donnellan ere horren jakitun izan da eta bigarren zatian askoz estetika ausartagoa erabili du, lehen atalean koreografia kutsuko dramaturgia soila, eremu eszeniko lehorra eta irudi proiektatu eskasak nagusi izan ostean. Bigarrenean, ordea, indarberritu egin dira lehen ataleko elementu berberak —argiztapena eta soinu eremua bikainak izan dira denbora osoan—, eta zuzendariak trebetasun berezia erakutsi du jatorrizko testua gaurko egoeretan txertatzeko. Adibidez, bereziki inspiratuak izan dira saltzaile ibiltariaren pertsonaia, artzainaren bordako festa eta erregearen jauregira sartzeko kontrol-gunearen irudikatzea, betiere jatorrizko hitzei fidel izanik.
Antzokia leporaino betetzen zuten ikusleek —haietariko asko zutik— gogoz eskertu dute emanaldia, eta neuk ere bat egin dut haien entusiasmoarekin.