Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Eliza dantzan

$
0
0
Koreografoa: Jean-Christophe Maillot. Musika: Sergei Prokofiev. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Otsailak 15.

Mila bider irakurri, dantzatu, entzun eta txunditu gaitu Romeo eta Julietaren arteko maitasun kondaira-istorioak. Topiko bihurtu diren ezaugarri soziopolitikoetatik aldentzeko aukera ez da hain erraza, baina Jean-Christophe Maillotek, duela hogei urte ekoiztutako dantza erakustaldian, Romeo eta Julietaren narrazioa hankaz gora jarri zuen, ikuspegi berrien txertaketak direla medio. Kasu honetan, Frai Lorenzo abadearen bihozkadak islatzen dira Julieta neskatoaren ekintza ero eta Romeo gaztetxoaren burugabetasun preziatuan. Eliza dantzatzen jartzen du Maillotek, goi estamentu horren iritziak ezker-eskuin barreiatuz. Kapuleto eta Monteskoen arteko lehia ez da plazaratzen, gazteen maitasun erotikoa da tramaren barne egiturarik finkoena, eta horren inguruan abiadura aldaketak, dantzarien ezusteko erabateko geldiuneak eta diagonalean jolasten diren dantza mugimenduak —ikusleari ez zaio inoiz aurrez aurre begiratzen— sakontzen dira.

Ernest Pignon-Ernesten eszenografia guztiz bakuna da, lau oholtza altu, kale bat, etxe bat eta eremu ezberdinen arteko banaketa ideiatzeko helburuarekin. Zuri kolorearen gardentasun garbia lurzorutik paretetaraino, gazteen lainotasuna goraipatzeko premia sentituz. Dominique Drilloten argiztapena bikaintasunean ibili zen, guztiz aproposa, une bakoitzaren sentipenekin bat eginik. Dantzarien artean, Asier Edeso donostiarra izendatu beharrean nago, etxean hasi eta bere dantza ikasketak tamalez atzerrian bukatu behar izan duen beste artista bat. Akolito rolean ziur mugitu zen, gorputzaren adierazpideak amaieraraino uztartuz. Protagonistetan Anna Blackwellen Julieta oso sentsuala izan zen, gerriaren higidurak biribiltasun dotorean loreztatuz. Lucien Postlewaiteren Romeo ausardian murgilduta, hanken musika azpimarragarria izanik. Monte-Carloko Balleta boteretsu, goi mailako erakustaldi bat koroatuz, beren koreografo nagusiak ideiatutako maitasun erokerian guztiz sineskor.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik