'Melanie. The Girl with All the Gifts' PPPzz
Zuzendaria: Colm McCarthy. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 111 minutu.Ikuslearekin jolasean, misterioan murgilduta gertatuko dira pelikularen lehen minutuak. Elbarri planta duen haur talde bat, armada moduko baten zaintzapean giltzapeturik, eskolak jasotzen itxurazko normaltasun batean. Duda eta galdera dira nagusi Melanie. The Girl with All the Gifts-eko hasiera horretan. Aldeak alde, iaz dezenteko sona lortu zuen Room filmarenarekin konparatzea dago lehen kolpean.
Poliki-poliki, izpi argi zenbait sartzen hasiko dira, eta, istorioak abiada hartuko duen bitartean, argituz joanen dira giltzapetzearen arrazoiak, haur horiei zaien beldurraren jatorria. Horrekin batera, ordura arteko kanpoko ezkutuko mehatxua hezur-haragizko bihurtuko da.
Hain zuzen ere, memento hori izanen da opera prima honen gailurra: konortea galtzear duten zonbi itxurakoen giza taldearen agerpena, gotortuta dagoen boteregune armatuari eraso desesperatua eginez.
Askotan esan izan da, genero baten mozorropean izanda ere, zinema beti dela nolabait egungo errealitatearen ispilu. Areago, zientzia-fikzioa denean genero hori. Azken urteotan gertatzen ari den zonbien pelikulen pizkundea ez da moda hutsa, errealitatearekin oso lotuta dagoen fenomenoa baizik. Melanie. The Girl with All the Gifts-eko irudi horiek ikusita, saihetsezina da duela urtebete pasatxo Europako hainbat herrialdetan (telebistaz) ikusi genituen irudi lazgarri horiekin ez akordatzea.
Behin gailurrera iritsita, beheranzko joera hartuko du filmak. Hastapeneko basetik kanpo, zertxobait galduago ibiliko da orain arte telesailetan aritutako Colm McCarthy zuzendaria, formatu berriari neurria guztiz ezin hartuta-edo. Nolanahi ere, han eta hemengo erreferentziak baliatuta, aparteko originaltasunik ez baina interesa bizirik mantentzea lortzen duen pelikula deserosoa onduko du McCarthyk.