Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Sortzaile eta programatzaileen elkargune izan asmo du dFeriak

$
0
0
Arte eszenikoen sektorea eta programatzaileak harremanetan jarri asmo ditu dFeriak, Donostiako dantza eta antzerki jaialdiak, bere 23. aldian. Horixe da berrikuntzetako bat. Martxoaren 6tik 9ra bitartean, antzerki eta dantza ikuskizunez gain, foro pare bat egingo dituzte hartu-eman hori sustatzeko: Espainiatik etorritako programatzaileekin bat eta nazioartetik etorritakoekin bestea. Elkargune horietan, bi bideratzaile egongo dira. Pepa Marteles egongo da Espainiako programatzaileekin egingo duten bilkuran, eta Iva Horvat nazioartekoekin egingo dutenean.

Gainera, tresna berri bat izango du aurrerantzean dFeriak: dFeria Abroad. Horren bidez, arte eszenikoen jaialdiak presentzia handiagoa izango du kanpo merkatuetan. Kolaborazio proiektu bat izango da, Redelae arte eszenikoen sare eurolatinoamerikarraren barruan dagoena: Euskal Herriko arte eszenikoa sustatu eta haren merkatua zabaltzeaz gain, «kultura aniztasuna eta errealitate askotarikoen mestizajea» bultzatuko du.

Hala, Euskal Herriko bost konpainia Hego Amerikako bi azokatara eramango ditu dFeriak: Markeliñe, Kukai, Shakti Olaizola, Larrua eta Zanguango. Costa Ricako FIA Arteen Nazioarteko Jaialdian izango dira ekainean; beste hitzordua Uruguain izango dute, abuztuan, Montevideoko Verdi aretoak euskal arte eszenikoei eskainitako asteburuan.

29 konpainiak parte hartuko dute dFerian, 30 ikuskizun egingo dituzte, eta 35 emanaldi izango dira: hamabi dantza ekitaldi, hamabost antzerki, bi zirku emanaldi eta diziplina anitzeko kontzertu bat. Guztiek denborarekin loturaren bat dute. Konpainia guztien erdiak dira Euskal Herrikoak.

Norka Chiapusso jaialdiko zuzendariak nabarmendu du erakunde desberdinen arteko elkarlanetik egituratzen dutela urtero dFeria jaialdia. Aurtengo argazkian, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostia Kulturak, SGAEk, Kutxaren Gizarte Ekintzak, Etxepare institutuak eta Tabakalerak bat egin dute. Horrez gain, Chiapussok jakinarazi du aurten lankidetza abiatu dutela Nafarroako Gobernuarekin.

DANTZAREN LEIHOA

Euskal Herriko zortzi dantza konpainiaren ikuskizunak emango dituzte, eta nazioartetik etorritako laurenak. Batetik, Dantzaguneak iaz eman zituen fruituak erakutsiko dituzte, emanaldi bakarrean: Amaia Elizaranen Raw eta Natalia de Miguelen One Way Ticket. Bestetik, Ertza konpainiaren Hariak, Olatz de Andresen The Endgame, Cielo Rasoren Jardin de Invierno, Lasalaren Now, Kukairen Topa, Work in progress eta Krego-Martin Danzaren Zona (no) Confort eskainiko dituzte.

Nazioartetik ekarritako lanen artean daude Eulalia Bergadaren Gold Dust Rush, Pilar Tavoraren Medea, Choni Cia Flamencaren Tejidos al Tiempo eta Cie Gregoire eta Muriel Corbelen Phalene.

SGAE GUNEA

Jaialdiak iraun bitartean, Donostiako Antzoki Zaharra SGAE Gunea bihurtuko da. Lau ikuskizun egingo dituzte han. Laurentzi Produccionesek eta Arriaga Antzokiak Antzerkigintza Berriak proiektuaren barruan ekoiztutako Coordenadas antzerkia izango da Euskal Herriko bakarra.

Gironako (Katalunia) Teatre de Guerrillaren Tiempo eta Madrilgo Primitial Bros & Illanaren The Primitials antzezlanak, eta Choni Cia Flamencaren Tejidos al tiempo dantza ikuskizuna izango dira Antzoki Zaharreko taula gainean.

HEGO AMERIKAKO LEIHOA

Uruguaiko eta Argentinako zenbait antzerkigile izango dira, gainera, dFeria jaialdian. Chiapussok gogoratu duenez, duela bi urtetik Latinoamerikako Antzerki Sarean parte hartzen du dFeriak, eta, horri esker, hango eszenaren berri izateko eta proiektu berriak sortzeko aukera dute. Horren adibide da Unahoramenos Producciones taldearen Los malditos antzezlana.

Uruguaiko Compañia Reversoren La sangre de los arboles eta Solo una actriz de teatro, Argentinako Grupo Las Damasen Flores ácidas eta Sutottos taldearen Inestable lanak ere eskainiko dituzte atal horretan.

ZIRKU BERRIA

Bivouac konpainiaren A corps perdus obra estreinatuko dute Viktoria Eugenian. Antzoki horren eta Baionako Antzokiaren arteko koprodukzioa da obra, Donostia 2016ren Mugalariak proiektuaren barruan sortua.

Horrez gain, Lurrak taldearen Lurrak obra ikusgai izango da, antzerkia, musika eta zirkua uztartzen dituen lana.

ANTZERKIA NAGUSI

Aipatutakoez gain, antzezlan gehiago ere izango dira jaialdian. Euskal Herrian egindakoen artean, Iris Teatro sortu berriaren Frida, Hika Teatroren Koadernoa zuri, Kabia Teatroren El árbol de Hiroshima, Vaiven Konpainiaren Ultimo tren a Treblinka, eta Tanttaka Teatroaren eta Viktoria Eugenia antzokiaren artean ekoiztutako Soka antzezlana eskainiko dituzte.

Horrez gain, Galiziako antzezlan bat eta Kataluniako beste bat ere egingo dituzte dFerian: iLMaquinario Teatroren Resaca eta Compañia Ferroviariaren Sedientos lanak, hurrenez hurren.

ANTZERKIAZ HARAGO

Dantza, antzerki eta zirku emanaldiez gain, kontzertu berezi bat ere joko dute, diziplina anitzekoa. Hagiografia du izena, eta De la Purissima taldea du egile. Kristau erlijioko ikonografia hartu, eta bigarren mailako zenbait pertsonaia berrinterpretatuko dituzte: santuak. Egileen arabera, «ikuskizun apokrifoa» izango da, eta emanaldiaren muina ez da musika izango, ezta antzerkia ere, «hori dena barne hartzen duen» ikuskizun bat baizik.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik