Donostiako Zinemaldiak Joseph Losey (AEB, 1909) zinemagilearen filmografia osoa emango du bere 65. ekitaldian, irailaren 22tik 30era. Jaialdiak bi atzera begirako programatu ohi ditu urtero, bat zinemagile klasiko bati eskainia, eta bestea gai bati lotutakoa, eta Loseyrena da jakinarazi duen aurrenekoa.
Joseph Losey zinemagile ospetsua egin zen 1960ko hamarkadan, Erresuma Batuan egin zituen lanei esker. Besteak beste, hark zuzendutakoak dira The Servant (1963), King and Country (1964), Accident (1967) eta The Go-Between (1971). King and Country izan ezik, beste hiru filmak Harold Pinter antzerkigileak idatzi zituen.
[youtube]https://youtu.be/BaXOI5c-Cg4[/youtube]
Europako zinemaren ordezkari nagusietako bihurtu aurretik, hainbat film egin zituen AEBetan Loseyk, The Lawless (1950), The Prowler (1951) eta The Big Night (1951), hirurak ere Amerikaren Aurkako Ekintzen Kontrako Batzordea jazarri zitzaien gidoilariek idatzitakoak: Daniel Mainwaring, Dalton Trumbo eta Ring Lardner Jr. Horren ondorioz, Hollywoodeko zerrenda beltzean sartu zuten Losey, eta AEBetako Alderdi Komunistako kidea izatea ere egotzi zioten.
Batzorde horretan deklaratzeko deia jaso zuenean, Italian zen Losey, Imbarco a mezzanotte lana filmatzen. Sorterrira ez itzultzea eta Ingalaterran bizitzen geratzea erabaki zuen. Han egin zituen bere lan asko -horietako ugari Dirk Bogarde aktorearekin-.
Kezka politikoko zinemagilea izan zen Losey, eta hori bere lan askotan nabari daiteke. Hala, The Assassination of Trotsky (1972) zuzendu zuen Richard Burtonekin eta Alain Delonekin, baita Les routes du sud (1978) ere, Alain Resnaisen La guerre est finie-ren (1966) jarraipen moduan. Jorge Semprunek idatzi zuen gidoia, eta Yves Montand izan zen gatazka ideologiko etengabean bizi den erbesteratu espainiarraren rola jokatu zuena.
1984ko ekainean hil zen Losey, bere azkeneko lana (Steaming) estreinatua ikusi gabe.