"Bidegabekeria hutsa da Renoirren lana Molin de la Galletteko dantza margolan inpresionistara bakarrik murriztea". Guillermo Solana komisarioaren esaldi horrek laburbiltzen du Bilboko Arte Ederren museoan zabaldu berri den "Renoir: intimitatea" izeneko erakusketaren funtsa. Izan ere, nagusiki bere garai inpresionistak egin du ezagun artista, baina sortzailaren lau hamarkadako ibilbide osoaren laurdena baino ez du hartzen sasoi horrek, komisarioaren hitzetan. Eta horregatik erakusketa. "40 urteko ibilbide hori aldarrikatu nahi izan dugu". 1864tik hasi eta 1916rako tartean sortutako 64 margolan bildu dituzte, guztira, eta mundu zabaleko hamaika museoko bildumetatik batu dituzte piezak. Euskal Herrian artistari inoiz eskeinitako atzera begirakorik zabalena izango da, eta baita Bilboko museoak aurten izango duen erakusketa nagusietariko bat ere.
Sei ataletan banatu dute erakusketa. "Ibilbidean aurrera egin ahala, nolabait ere, hazten doan intimitate maila", komisarioak zehaztu duenez. Lau emakumeri egindako erretratu banarekin abiatzen da lehen aretoa, eta gero datoz artistaren enkarguzko erretratuak, lan inpresionistak, paisaiagintza eta familia ardatz hartuta sortutako koadroak. Amaitzeko, Renoirren emakumezkoen biluziei eskaini diote azken aretoa; hots, bainulariei. Eta komisarioaren hitzetan, lan horietan igarri daiteke artistak hurrengo belaunaldiengan izandako eraginaren hazia. "Ezin dira hasierako Picassoren bainulariak ulertu, hau ulertu gabe".
"Zabalago" eta "dotoreago"
Aurrez Madrilgo Thyssen-Bonemisza museoan izan da erakusketa ikusgai, eta BBK babesa izan du erakusketak Bilbon. Koadro berak daude bi erakusketetan, baina Solanak azaldu duenez, Bilbon artelanen kokapena "zabalagoa" eta "dotoreagoa" geratu da.