Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Lorategi bat ur biltegi zahar batean

$
0
0

'...Tokiren batean finkatzeko behin-behineko modua behintzat'

Non: Montehermoso kulturgunea. Noiz arte: Otsailaren 28ra arte.

Hurrengo pausoa emanda. … Tokiren batean finkatzeko behin-behineko modua behintzat erakusketaren bigarren zatiak ere, erakusketaren gorpuzte nagusia osatzen duenak, ireki ditu bere ateak, eta oraingoan ere, eraberritutako hiriko eraikuntza zahar eta historiko batean du kokapena. Bilboko ardo biltegi zaharraren —Azkuna Zentroa, egun— ia ganberatik, Gasteizko Montehermoso jauregiko sotoan dagoen hiriko ur biltegi zaharrera igaro da txangoa.

Aurreko erakusketako kolore berdeko loroen hitzak gogoan eta Emilio Arauxok oparitutako galiziar emakume biren eskuak ikusi ostean, ur biltegira daramaten eskailerak jaisteari ekin nion banan-banan, erakusketan zer topatuko nuen iragarri nahian. Batetik, izenburuaren inguruan sortzen zen misterioa zegoen, asko gaizki-ulertuetara eraman dituena. Izenburuan bertan aldaketarik egon ez denez Bilbokotik Gasteizekora, eta gainera biak proiektu beraren zati direnez, batek baino gehiagok uste izan du, erakusketa ibiltari bat izan dela honakoa; alegia, bai Bilbon eta bai Gasteizen erakusgarri ipinirikoa berdina zela. Eta bai, proiektua bera da, baina bi azpi-proiektutan edo azpi-erakusketatan banaturikoa, ordea. Bilbokoan, bi artistaren lanak zeuden erakusgai. Gasteizko kasuan, berriz, hamahiru dira. Eta bi azpi-proiektuen zenbakien arteko jolas honek, jada, abisua ematen du, bi erakusketak berdinak behintzat ez direla. Eta, hain zuzen, erakustaretora sartu, eta bertan sumatzen den sentsazioak gutxi ikustekorik izan zuen aurrekoarekin.

Oraingoan gauza asko antzematen dira, eta guztiak ia batera. Lehenengo begiradan haien arteko loturak egitea kosta egiten da, edo kosta egin zitzaidan, behintzat. Azkuna Zentroko preludioaren ostean, lorategiaren ideia da komisarioek proiektu honen bidez gorpuztu dutena, edo zehatzago esanda, lorategien baitan sortzen diren gertakari eta harreman ezberdinen gauzatzea. Badirudi lorategiarena, kontzeptu gisa, oso ulerterraza dela, gizakion guztiz neurrira eginiko zerbait dela, baina ezin okerrago egon gaitezke. Lorategiak eta haietan dirauten, eta haien bitartez sortzen diren harreman, egoera, kontaktu, konexio, geruza eta espazioak oso konplexuak eta mugagaitzak dira, haietako bakoitzean pentsatzen jarriz gero. Eta, agian, konplexutasun hori da lehenengo begiradak jasotzen duen hori, eta horregatik, nahiz eta guztia ikusteko gai izan, osotasuna orobat ulertzeko gaitasun falta edo zailtasuna. Belarriek ere burrunba soilik entzuten dute, zarata, ahots ezberdinak gainjartzen dira, eta zail egiten da haien jatorria identifikatzea ere. Lorategiren bat izatera, Montehermosoko ur biltegi zahar hau, ingeles estiloko lorategia izan daitekeelakoan nago; nahasmen eta zoriz mozorroturikoa, edo apaindurikoa azalean, baina izatez, ordena jakin eta zehatz baten arabera atondurikoa.

Aretoko pantailarik handienean, guztien gainetik gailentzen den ahotsaren iturri den bideoa dago ikusgai: Lua Coderch artista gaztearen Night in a Remote Cabin. Eta kokapen hori ez da zoriz aukeraturikoa. Aretoko piezarik garrantzitsuena dirudi, bai tamainagatik, bai kokalekuagatik —ur biltegi zaharraren erdialdeko zutabeen artean—, bai soinu potentziagatik, baina, batez ere, proiektuaren beraren titulua, bideo honen pasarte batetik jaso dutelako. Horrek ematen dio aipaturiko garrantzia bideoari. Izan ere, proiektua bera bideoan jorratzen diren gaien bozgorailu edo handitzea izan liteke, eta erakusketako pieza guztiak ere, bideoaren bueltan, ulerterrazago bilakatzen dira.

Bideoan, elkarrizketa bat bailitzan, artistak, modu interesgarri batez ematen dio hasiera ingurune naturaletan kokaturiko gerizpe, aterpe eta babeslekuen inguruko gogoeta bati, natura eta artifizialtasunaren arteko harremanaz, naturaren gaineko teknologien erabileraz, eta babesaren inguruan; eta, ondoren, sakonago jorratzen dira gogoeta horiek, aretoan barreiaturik dauden piezetan, banan-banan. Naturarekiko dugun harreman, jokaera eta posizionamendu ezberdin posibleez hitz egiten du bakoitzak: bai lorategiak eta ingurune naturaletako landareez, horien erabilerez eta biziraupenaz, baina baita horiek izan dezaketen sinbolismoaz ere. Eta are gehiago, espazio jakin horiek aitzakiatzat hartuz, geure ingurunea ulertzeko baliagarri diren jarrera ezberdinak ere mahai gaineratzen dira, azken finean guztia ekosistemen eta gizartearen beraren metafora baita.

Lorategiak agian ez dira lorategi hutsak. Edo litekeena da lorategiak uste baino egitura konplexuagoak izatea.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik