Rene Magrittek Hau ez da pipa bat titulatu zuen obra hura dakar gogora Herve Bourhisek eta Christian Cailleauxek Dupuis etxearekin argitaratu berri duten nobela grafikoaren izenak: Jacques Prévert n'est pas un poéte (Jacques Prevert ez da poeta bat). Eta gauza asko izan zen Prevert. Poeta, esaterako. Eta pipatzailea eta surrealista, Magritte bera bezala. Eta gidoilaria. Eta kantuetarako hitzen egilea. Eta ipuinlaria. Eta antzerkigilea. Eta beste gauza asko. 1900eko otsailaren 4an Neully-sur-Seinen (Frantzia) jaio zen sortzailearen plano guztiak lan bakarrean azaltzea zail egiteraino.
Apirilaren 11n beteko dira 40 urte Prevert hil zela, eta, urteurrenera begira, haren biografia marrazteko erronkari heldu dio Bourhis-Cailleaux bikoteak. Zehazki, idazlearen bizitzako 30 urteko epea marraztu dute, gaztarotik hasita. 1921eko Konstantinoplan —Istanbul da egun— aurkezten dute Prevert gaztea, soldadu; eta, handik Parisera bueltatzean, Montparnasseko artista, eztabaida literario, festa eta auzo giroan murgilduta. Louis Aragon, Robert Desnois, Andre Breton eta enparauen ondoan gazte, mugimendu surrealistako orrialderik ederrenetakoak idazten. Eta lehendabiziko maitasun bertsoak paper gainean zirriborratzen. Errenkan datoz surrealistengandik aldendu eta Giacometti, Carne eta Pierre Batcheffengana hurbildu zenekoa; gidoilari lanetan hasi eta Octobre taldea sortu zuenekoa; mundua eraldatzen ari ziren gertakari politikoen eta joera artistikoak zuzenean ezagutu zituenekoa.
Buru afaria
Jacques Prevert Rue du Chateau taldeko kidea izan zen joan den mendeko 20ko hamarkadan, Raymond Queneau eta Marcel Duhamelekin batera. 1931n ezagutarazi zuen lehen aldiz bere poeta lana; besteak beste, Paul Valeryk zuzentzen zuen Commerce aldizkarian, Tentative de description d'un dîner de têtes à Paris-France (Paris-Frantziako buru afari bat azaltzeko saioa) eman zuen argitara, eta berehalakoan utzi zituen agerian hizkera erabat pertsonala, estiloaz arduratzen ez zen estilo desinhibitua, zuzenean ezagutu zituen abangoardien eta herri hizkeraren eta hitz jokoen eragina. Ordurako utzia zuen mugimendu surrealista; 1929an esan zien agur ordura arteko taldekideei, Hilotz bat panfletoaren bitartez. 1949an, Paroles liburua plazaratu zuen, ezagun bihurtu zuen lehen poemarekin, eta ordura arte ezinezkoa zirudiena lortu: poesia lan bat libururik salduenetakoa bihurtzea. Maitasuna, askatasuna, ametsa eta irudimena, konpromiso soziala izan zituen hizpide idazleak. Umorea, ironia, metafora bitxiak lagun. Eta irakurleek maite zuten.
Jacques Prevert ez zen poeta bakarrik, baina. Octobre antzerki taldearentzako antzezlanak idatzi zituen, kantuak sortu —askotan, Joseph Kosmaren musikarekin—, eta zinema gidoiak ere idatzi. Baita eszenografia sortu ere.
Euskal Herriraino heldua da haren lanaren oihartzuna, baina ale bakanak besterik ez oraingoz. Lehendabizikoetakoa, lehendabizikoa ez bada, Nikolas Ormaetxea Orixe-k itzulitako Leoi-kumea haur ipuina da. 1948koa da itzulpena. Ia mende erdi geroago etorri ziren Preverti euskaratutako haur literaturako hurrengo aleak: Herria aldizkarian poema batzuk eman zituzten 1990ean; Txalapartak Ume txintxoak ez diren umeendako ipuinak argitaratu zuen 1996an, Koldo Izagirrek euskaratuta.
Koldo Izagirrerena da, era berean, Joseba Tapiak Real politik diskoan emandako Umearen ehiza kantuaren itzulpena. Tapia ez da Prevert euskaraz kantatu zuen lehena: Julen Lekuonak Hosto hilak lehenago eman zuen. Poema solteak ere euskaratu dizkiote.
Urteurrenekoak
Iaztik ari dira Frantzian Prevert gogoratzen. Urriaren 1ean, haren hitzekin betetako kantuen bilduma argitaratu zuten. 70 kantu guztira, hiru diskotan. Kantarien artean, izen aski ezagunak: Yves Montand, Iggy Pop, Edith Piaf, Jeanne Moreau, Bob Dylan, Juliette Greco, Mouloudji, Tony Bennett, Eva Cassidy, Charlotte Rampling, Marlene Dietrich...
Iazko urrian ere, hainbat liburu argitaratu zituzten Prevert ardatz hartuta. Antzokiz antzoki ibili den musikal bat ere estreinatu zuten. Azaroan, idazlea joan den mendeko poeta frantses handienen mailara igo zuen liburua berrargitaratu zuten: Paroles. Baita haurrentzako hainbat lan berreskuratu ere.
Aurten, berriz, Prevert antzerkigilea, Prevert gidoilaria, Prevert eszenarista gogoratzen hasiak dira. Idazlea ahaztu gabe. Zinema aretoetan atzera begirakoak eskaintzen ari zaizkio. Martxoan, Gallimard etxeak Preverten gutunak, haurrentzako testuak, collage eta bestelako artelan ezezagunak argitaratuko ditu. Haren gidoi eta eszenografia lanak ere berrikusiko dituzte.
Jacques Prevert ez zelako poeta bat. Ez, behintzat, poeta bakarrik.