Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Beti berdin, beti ezberdin

$
0
0
Disko bakar batekin eta, are, kantu gutxi batzuekin artista bat arrakastaren eta oihartzun mediatikoaren gailurrera eraman ohi den garaiotan, estimatzekoak dira apurka-apurka, diskoz disko, eraikiz joaten diren musika ibilbideak. Are gehiago ibilbide horrek lerro bati segituta ere bihurguneei bizkarra ematen ez dieten musikarien kasuan. Probatzeak eta estropezu egiteak sendotzen baitu, neurri handi batean, ahots bat; diskurtso musikal bat.

Talde horretan kokatu beharra dago Cass McCombs (Kalifornia, AEB, 1977). «Espero dut gauzak ez egitea beti modu berean. Hasi nintzenetik berdin izan da: beti ezberdin». Orain dela urte pare bateko adierazpen horrek ondo islatzen du musikaren ibiltari honen izaera eta lan egiteko modua. A (2003) lehenengo disko hartatik aurten kaleratu berri duen Mangy Love azkeneraino, McCombsen musika berdintsua, eta, era berean, ezberdina izan da. Guztietan antzeman daiteke 1970eko hamarkadako folk-popean oinarritutako sustrai bat, bere musika identifikagarri egiten duena; baina era berean, guztiek dute elementu bereizgarriren bat: dela lo-fi jatorriko indie kutsua, dela psikodelia ukitua, dela soul espiritua... Izan daiteke barrokoagoa edo soilagoa, eta, kasuren batean (Big Wheel And Others, 2013), alderdi horiek guztiak disko luze eta bakar batean laburbiltzen saiatu zen. Aurrenekoz bere jarraitzaileak polarizatu arte. «Bai, badakit batzuek gorroto dutela [disko hori], baina ezin dut ulertu zergatik. Zalantzarik gabe, teknikoki disko bikaina da. Musikariak, ekoizpena, proiektu horretan jarritako energia guztia... hori guztia norbaiti ez gustatzearen gainetik dago».

McCombs ez da elkarrizketak ematearen zalea. Gutxi egiten dizkiote, eta, gerora, batzuetan damutu egin izan da solasaldi horietan esandakoengatik. Ez zehazki bere iritziengatik, baizik eta kanpotik irakurri edo entzutean sarritan ez duelako bere burua ezagutzen. Andy Caper bere lagunari emandako azkeneko elkarrizketan laburbildu zuen sentsazio hori: «Nik esandakoak ikusten ditudanean aldizkarietan edo Interneten, neure barruko ni-ari traizio egiten ari natzaion sentipena izaten dut. Beste norbaiten betaurrekoekin neure burua ikusiko banu bezala».

Undergroundetik iritsia

McCombsek 2001ean grabatu zuen bere lehenengo disko laburra, Not the Way EPa, eta lehenengo urte haietan nomada baten gisan bizi izan zen. Baltimore, Chicago, New York eta beste batzuk izan zituen bizileku; batetik bestera mugitu zen musika jotzen, Kalifornian bizitzeko leku bat aurkitu zuen arte. «Jendearen etxean jotzen hasi nintzen», adierazi izan du bere jatorriaz, oinarriaz galdetu izan diotenean. «Undergounda existitzen ez dela dioenak erakusten du ez dela inoiz han egon. Bere balio sistema propioa duen kultura bat da».

Dropping the Writ (2007) diskoak eta batik bat Catacombs-ek (2009) ezagun egin zuten McCombs underground zirkuitu horretatik kanpo ere, eta azkeneko lan horretan zegoen Dreams Come True Girl, Karen Black aktorea kantari-lagun zuela, askorentzat musikari estatubatuarraren musikara iristeko amu bilakatu zen harribitxia. Iluna, barnerakoia, dotorea. Formengatik beste garai batekoa zirudien kantua.

Orduz geroztik, kantuak egiteko moldean sakontzen jarraitu du McCombsek, eta urte amaieran mundu osoan egiten diren zerrendei erreparatuz gero, badirudi asmatu ere egin duela: bere diskoak ohikoak dira urteko lan onenak aukeratzen dituzten musika agerkarien zerrendetan.

Horietan azaldu da Mangy Love (2016) azkeneko lana ere. Anti zigiluarekin kaleratu duen lehenengoa da, eta inspirazio betean erakusten du McCombs. 70eko hamarkadako pop eta folk sofistikatuaren oihartzunak aurki daitezke zenbait kantutan (Bum Bum Bum), baina baita soul aztarnak ere (Opposite House). Eta kantu luzeak dira oro har, ñabardura ugari ezkutatzen dituztenak. Guztia, ekoizpen landu batek jantzia.

Hitzek, berriz —kriptikoak zenbaitetan, argiagoak besteetan—, kezka sozialak agertzen dituzte: arrazakeria, gerra... McCombsi ez zaio gustatzen inguruan ikusten duena, eta, neurri batean bada ere, AEBetako historian protesta garaiak izan zirenen oinordetza ikusten du gaur egun ere. «Borrokak jarraitzen du; besterik ez. Beti egon da. Eskola zaharreko aktibistei entzunez gero, 50eko eta 60ko hamarkadetan eskubide zibilen alde borrokatu zirenei, esaten dute gauzak aldatu direla, baina borrokatzeko arrazoiek hor segitzen dutela».

KONTZERTUA

Lekua. Kutxa Kultur Kluba, Tabakaleran. Donostia

Eguna. Bihar, 20:00etan.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik