Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Svastikak Arabako kaleetan

$
0
0
Paretak egunkari zatiz, argazkiz eta marrazkiz beteta. Grafikoa izan nahi du Europa Garretan. Alemania naziaren oihartzuna Gasteizen (1939-1945) erakusketak. Hala adierazi dute Virginia Lopez de Maturana eta Guillermo Marin historialariek eta Xabier Sagasta arkitekto eta ilustratzaileak. Haiek aritu dira komisario lanetan, eta Gasteiz Bigarren Mundu Gerra garaian bisitatzeko gonbidapena egin dute, Sancho El Sabio fundazioak antolatutako erakusketaren bidez. Gatazka garaiko giroa sortu dute berriz, prentsa lokaleko artikuluak, Gasteizko Udal Artxibategiko argazkiak eta marrazkiak erabilita. Larunbatera arte egongo da zabalik erakusketa Vital Fundazioaren eraikineko Araba aretoan.

XX. mendean zentratutako proiektu bati ematen dio jarraipena erakusketa honekin Sancho El Sabio fundazioak. Izan ere, garai hartako gatazka, gerra eta gizarte mugimenduak erakustea da elkartearen asmoa. Gasteizen 36ko Gerra nola bizi izan zen berreraiki zuten iaz Abangoardia arriskutsuak erakusketarekin, eta garai haren ostekoei begiratu diete orain.

Hala ere, erakusketaren sortzaileek nabarmendu dute gehienbat kronologikoa dela bi lanen arteko lotura. «Gasteizko biztanleek Gerra Zibilean jasan zuten eragina ezin da alderatu bigarren Mundu Gerrakoarekin», azaldu du Sagastak. Instituzioek eta agintariek ez zuten hiria berdin erabili. Gerra garaian elementu eszenografiko gisa eta propagandarako erabili zuten Gasteiz. «Prentsa da tresna nagusia doktrinamendu bat helarazteko».

Tokiko prentsa aztertu dute erakusketa garatzeko. Pensamiento Alavés hedabidea, zehazki; frankismo garaian zegoen egunkari bakarra. Alde batetik, komunikabideak dira erakusketaren elementu nagusi. «Prentsa kiosko bat da elementu zentrala», zehaztu du komisarioak. Eta, dioenez, bi puntu nabarmendu ditu elementu horrek: «Alde batetik, ideia transmisiorako zer garrantzia zeukan prentsak. Beste alde batetik, egunkariak nola nahasten zituen informazio bloke guztiak». Izan ere, lau orri soilik zeuzkan argitalpenak, eta maila berean argitaratzen zituen gerrako gertakariak eta Gasteizko denden publizitatea.

Bigarren Mundu Gerran Espainiak izandako jarrera ere argitzen dute erakusketan. «Gerran Espainia neutrala izan bazen ere, Alemaniaren aldeko joera erakusten zuen argi eta garbi», nabarmendu du Lopez de Maturana komisarioak. Estatu sortu berriak erreferentzia bat aurkitu beharra zeukan. «Hasieran, Alemania garaiezina zela zirudien. Erreferentzia perfektua», gehitu du Marinek. Egunkarian alemaniar produktuen publizitatea jartzen zuten, nahiz eta, Gasteizko dendetan ezin ziren erosi. «Irabaziko zutela uste zenean, Alemania garaiezinaren irudia zabaltzea zen helburua, militarki ez ezik, baita industriaren kalitateari eta nagusitasun teknikoari dagokionez ere».

Alemaniako produktuena ez zen argitaratutako informazio bakarra. Naziek lortutako garaipen militarrak eta soldaduen alde gizatiarra goraipatzen zituen egunkariak. Hau da, nolako harreman ona zuten gudariek indarrez hartutako herriekin.

Dibisio Urdina

Prentsaz gain, bazeuden Hirugarren Reich-ari laguntasuna adierazteko beste hainbat bide ere. Dibisio Urdina da haietako bat, adibidez. Pensamiento Alavés-en argitaratu zen dibisiorako izena emateko lehen deialdia. Errusiarako lehendabiziko espedizionario trenak 1941eko uztailean abiatu ziren Arabako hiriburutik. Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko agintariek agurtu zituzten. Hortik aurrera, etengabeak izan ziren Dibisio Urdinaren alde Gasteizen egindako adierazpenak.

Alemaniarren porrotek Frankismoaren jarrera aldatu zuten, ordea. Estatuaren jarrera faxista lausotzen hasi zela argitu du Lopez de Maturanak. «Prentsak leundu egin zuen bere grina. Neutraltasuna aldarrikatzen zuen indartsu. Irabaziko zutela zirudien potentziei begira jarri zen».

Erakusketarekin batera, hainbat hitzaldi ere antolatu dituzte, eta, besteak beste, nazismoaren aurka borrokan aritu ziren euskal informazio zerbitzuko agenteez aritu dira saio horietan.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik