Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Epe luzerako inbertsioa

$
0
0
Argitaletxe bat egin nahi izan genuen, beste agente kultural batzuekin, sozialekin, politikoekin batera, gure identitatea errekuperatzen eta garatzen laguntzeko. Euskal kulturaren zerbitzurako, etorkizuneko herri ikuspegia zuen argitaletxe bat». Eta Erein sortu zuten Julen Lizundiak —harenak dira hitzak—, Asentxio Ondartzabalek, Xabier Letek, Edorta Kortadik, Anjel Lertxundi, Jose Manuel Castellsek eta Jexux Mari Mujikak. 1976an. Abenduan.

Berrogei urte bete ditu Erein argitaletxeak, eta ospatzeko tenorean, hastapenetan lanean aritu zirenak eta gaur egungo langileak elkartu ziren, atzo, Donostiako San Sebastian hotelean. Sortzaileetako bat ez ezik, Ereingo zuzendaria ere izan zen Lizundia, eta gaur egun argitaletxeko administrazio kontseiluko kide da. Atzokoan, Erein sortu zeneko testuingurua marraztean, frankismo ondorengo lehen urteak zirela ekarri zuen gogora: «40 urteko diktadura atzean geratzen zen, esperantza urteak ziren, urte horietan isilpean gauzatutako lanak loratzen hasteko ordua». Eta argitaletxea bera «epe luzerako negozioa» ez, baizik eta «epe luzerako inbertsio kultural» gisa ulertu zutela gaineratu zuen Lizundiak, «errentagarritasunaren bila joan gabe, baizik eta euskal gizartearen zerbitzura jartzeko asmoz, enpresa publiko baten izaerarekin».

Eugenio Ibarzabalen Dialogos en torno a las elecciones (1977) izan zen Ereinek argitaratutako lehendabiziko lana, eta literaturaren esparruan, berriz, Juan Mari Lekuonaren Ilargiaren eskolan (1979) ekarri zuten gogora. Baina urte beretan hasi zen argitaletxea testuliburuekin eta baita euskara, historia eta giza zientziak langai zituzten argitalpenekin ere. Ordukoak dira Patxi Goenagaren Gramatika bideetan (1978) eta Beleren Bakaikoaren Euskadiko dependentzia ekonomikoa (1977).

'Sorgin-lapurra', opari

1923an, Argia aldizkari eta argitaletxeak liburuxka bat eman zuen argitara, zeinetan Sorgin-lapurra haurrentzako ipuina ere jasotzen zen. Joxe Migel Barandiaranek berreskuratu zuen herri ipuin hori eta John Zabalo Txiki-k ilustratu, eta Erein-aro izeneko bizitza laburreko sail bati eman zion hasiera —bi ale baino ez dira ezagutzen—. Erein-aro hark eman zion izena Ereini, eta orain, 40. urtemugarekin, Sorgin-lapurra liburuxka argitaratu du, ospakizun gisa. Euskal Herriko liburu dendetan utziko du argitaletxeak liburuxka, haiek bezeroen artean oparitzeko.

40 urteko ibilbidean egile eta liburu askok egin dute Erein, eta, horregatik, argitaletxeko arduradunek ez zuten bat edo beste nabarmendu nahi izan. Errentagarritasun ekonomikoari eta oihartzunari begiratuta, nolanahi ere, bada Ereinen historian leku garrantzitsua duen liburu bat: Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988). Mugarria ezarri zuen, eta arrakasta handia izan zuen, era berean eta beste maila batean bada ere, Enkarni Genuaren Erreka Mari-k ere.«Baina errentagarritasuna modu askotara ematen du liburu batek, ez bakarrik salmentetan», zehaztu zuen Olatz Soraluze Ereingo gaur egungo zuzendari eta kudeatzaileak.

Jexuxmari Mujika argitaletxearen sortzaile eta administrazio kontseiluko presidenteak, berriz, oroitarazi zuen igaroa dela «zibilizazio guztia idatzitako hitzaren baitan eta inguruan garatzen zen garaia». Hala eta guztiz ere, liburuak, «edozein euskarritan bistaratzen dela ere», jarraituko duela eta baita literaturak ere, «biak maitatzen ikasi dugunok behar-beharrezkoak ditugulako»

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik