Urtea bukatzearekin batera esango dio agur Donostiak Kultur Hiriburutzari. Ebaluazio prozesu osoago bat egingo dute orain -maiatz alderako izango dituzte emaitzak-, baina, oro har, balorazio positiboa egin dute D2016 Fundazioko Patronatua osatzen duten instituzioek. Duela bost urte Europako Kultur Hiriburu izateko aukeratu zutenean Donostiak aurkeztu zuen kultur proiektua gauzatzea lortu dutela nabarmendu du D2016k. Hasieran aurreikusitako aurrekontua ia erdira murriztuta gauzatu dutela gaineratu du -krisi ekonomikoaren testuinguruagatik-.
D2016ko kultur programazioaren arduradun Xabier Payak emandako datuen arabera, hasierako proiektuan zeuden jardueren %72 gauzatu dituzte urtean zehar, eta beste batzuk gehitu. Programan zeuden jarduerak, Energia Olatuak proiektuaren barrukoak eta Elkarrizketak atalekoak -beste kultur erakunde batzuekin elkarlanean eginikoak- batuta, orotara 3.193 jarduera izan dira guztira, eguneko zortzi, batez beste. Urte osoan banatu diren arren, udaberrian eta udazkenean pilatu dira gehienak. Horien artetik, jarduera motari dagokionez, tailerrak, topaketak eta foroak izan dira gehiengoa (%27,3).
Prozesu osoan ehundutako elkarlan sareak eta Europari begirako proiekzioa nabarmendu dituzte fundazioa osatzen duten erakunde guztiek. Payarekin batera, balorazioa egiteko agerraldian izan dira Pablo Berastegi D2016ko zuzendari nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Begoña Cerro Espainiako Kultura Ministerioko ordezkaria.