Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Evingo infernu barruan

$
0
0
Amaieratik abiatzen da Behrooz Ghamari-Tabriziren (Teheran, 1960) Remembering Akbar: Inside the Iranian Revolution (2016, Akbar gogoan: Irango iraultzaren barruan), heriotzari hala deitzerik baldin badago. 1984ko abenduaren 31n, goizeko zazpietan hil zela esaten digu narratzaileak lehen lerroan bertan. «Ez dut metaforikoki esaten, zentzu existentzial benetakoan baizik. Une zehatz horretan, orri baten amaieran gogoz kontra zirriborratutako sinadurak, askatasun agiriak, beste mundu batean sarrarazi ninduen. Agidanez, begietako benda azpitik lausoki atzemandako esaldiek baldintzapeko askatasuna ematen zidaten nire osasun egoera zela-eta, kondizio batekin, zaindariak argitu zuenez: nire gorpua presondegira itzuli beharko zuten identifikazio ofiziala egiteko. Urte batzuk behar izan nituen goiz hartan hil nintzela konturatzeko. Ez zuen bizirik atera izandakoaren erru sentimenduarekin ez bizitzaren hutsalkeriaren zamarekin zerikusirik. Atzean utzi nuen ezagutzen nuen nia, hura berreskuratzeko inolako baliabiderik gabe».

Bi urtez Iran osora zabaldutako protesta, greba eta gerrilla ekintzen ostean, 1979ko otsailaren 11n Mohammad Reza Pahlavi xah-en monarkia behera etorri zen. Iraultza amaitu eta jarraian atxilotu, eta hiru urte heriotzaren korridorean igaro zituen Akbarrek Teherango Evin presondegian —autoreak berak erabiltzen zuen izen hori—. Pahlavi xah-en agintaldian ezagun egin zen kartzelan bertan jazotako ankerkeriengatik: hara eramaten zituzten monarkiaren etsaiak isilean desagerrarazteko. Mendebaldeko demokraziek xah-en gobernuarekiko leial, ezikusi eta ezjakinarena egin zuten Evinen inguruko berrien aurrean. Terminala zirudien minbiziagatik behin-behineko askatasuna jaso baino urte batzuk lehenago, artean iraultzaren oihartzuna ozen entzun zitekeenean eta Akbar bera haren zurrunbiloan murgilduta zegoenean gizon aske moduan, iraultzako buruzagiek presondegiko ate aurrean jakinarazi zuten eraikina iraganeko izugarrikerien lekuko izango zen museo bihurtzeko asmoa zutela. «'Iranen', adierazi zuten 1979ko otsaileko arratsalde hotz hartan, 'ez da preso politiko gehiago egongo'». Narratzaileak berehala argitzen digunez, «ez zen horrelakorik gertatuko». Hilabete gutxiren buruan, «iraultzaren etsai» izendatutakoak bertara eramaten hasi ziren; haietako gehienak intelektualak, unibertsitate irakasleak zein ikasleak ziren, Akbar bera bezala. Hortik kartzelari jarriko zioten goitizena: Evin unibertsitatea.

«Monarkiaren amaierarekin batera mintzo ziren ahots zalapartatsuek tonutik irtenda abesten zuten orain. Komunistek, sozialistek, liberalek, nazionalistek, emakumeek, langileek, unibertsitate ikasleek, gutxiengo erlijioso zein etnikoek, apaiz gazte iraultzaileek, eta zuhurtasun handiko aiatolek oinarririk gabeko ziurtasunez aldarrikatzen zuten iraultzaren benetako esanahia. Botere goseak lagunak etsai bihurtu zituen, iraultzaileak segurtasun agente, presoak galdetzaile, komunitate eragileak espioi, hiri-gerrilletako borrokalariak asasino, irakasleak moralaren polizia, ikasleak salatari, solasaldi adiskidetsuak konponbiderik gabeko gatazka, eta familia bilerak eztabaida politiko. Bi urte eskasean, begirada serioarekin ikusi genituen kartzelako hormak zabaltzen eta haien atzean gertatzen ari zen izugarrikeria handitzen».

Izateari utzi zion Akbarrek

Evinen oinez sartu, baina irten, etzanda bakarrik irten zitekeen. Sayyed Assdollah Ladjevardi —Evineko harakina izenez ezaguna— kartzelako arduradun zen garaian milaka preso politiko torturatu eta exekutatu zituzten. Akbarrena ezohiko kasua zen. Iraultzaren espirituaren kontra jardun izana frogatuta zegoen, hainbat egunez torturatu zuten galdetzaileen ustez. Akbarrek berak aitortu zuen marxismoarekiko bere konpromisoa. Ez zuen heriotza zigorrik jaso, ordea, epailearen aurrera joatea egokitu zitzaion egunean arauak aldatu egin zituztelako. Legearen arbitrariotasunak iraultza osteko lehen urteetan mesede egin zion. Hala ere, goiz ala berandu kartzelara bueltatuko zela zalantzarik ez zuten zaindariek, gorpu moduan bueltatu ere, «identifikazio ofiziala» egiteko.

Neurri batean arrazoi zuten zaindariek. Izateari utzi zion Akbarrek. Evinen sartu eta handik atera zena ez zen pertsona bera. Erbesteak handitu egin zuen baten eta bestearen arteko aldea. Baina oroitzapenek, Evineko ziega gainpopulatuetan exekuzio egunaren zain zeudenen artean sortutako harremanek, hortxe jarraitzen zuten. Akbar gogora ekartzea beste preso horien bizipenak ere aintzat hartzea da narratzailearentzat. Zentzu horretan, nobela korala da Remembering Akbar: liburua Akbarrekin hasten bada ere, haren (h)istoria beste hainbat (h)istoriok zeharkatuta, osatuta eta korapilatuta dago. Haien bitartez, izua hezur-muinetaraino barnerarazi nahi zien zigor sistemari aurre egiteko presoek garatutako teknikak azaltzen zaizkigu. Hizkuntza klaseak antolatu zituzten, baita poesia emanaldiak ere. Mahlerren Laugarren sinfonia hainbat ahotsetara interpretatuko zuen abesbatza osatu zuten. Heriotza hurbil izanagatik ere, edozein unetan zaindariak beren jabetza apurrak jasotzeko eskatu eta «askatasunerako biderantz» eraman bazitzakeen ere, bizitzari heldu zioten iraultza osteko preso politikoek. Erresistentzia keinurik ausartena zen baldintza tragiko haietan.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik