Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Industria paisaiari so

$
0
0
Iñigo Garatu (Salamanca, 1990) Iurretan bizi da gaur egun, eta, hain zuzen, Durangaldeko lantegiek osatzen duten industria paisaia islatu du bere azken urteetako ekoizpenean, baita Arratia haraneko eta Bizkaiko Ezkerraldeko industria astuneko zenbait lantegi ere. Orain, argazkiz eta marmol eta zurezko eskulturaz osaturiko erakusketa jarri du Bilbo Arte ekoizpen artistikorako zentroan, Bilboko gune horrek aurten antolatu duen laugarren mostra. Erakusketa uztailaren 24ra arte egongo da ikusgai, eta, han, bizkaitarrek ondo ezagutzen dituzten industria txokoak jaso ditu Garatuk; besteak beste, Durangoko paper lantegiko tximinia.

Erakusketa horretan, hainbat lantegiren argazkiak ikus daitezke: lantegi zaharrak, aspaldiko garaiak gogorarazten dituztenak, eta gaur egun nola edo hala bizirik dirautenak. Bertan behera utzitako eraikinak eta oraindik lanean dabiltzanak tartekatzen dira irudietan —nahiz eta langileak murrizteko prozesuetan sartuta egon—, eta, sarritan, zaila da esaten zehazki zein multzori dagokion begi aurrean dagoena.

Irudiek nolabaiteko «nostalgia» kutsu bat dute; izan ere, Garaturen hitzetan, «Bizkaiko historiaren zati bat» osatu nahi izan du, «lantegi horietako asko ixten, eraldatzen edo desagertzeko bidean baitaude».

Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko Kultura Saileko zuzendariaren esanetan, Garatuk «notario lana» egin du eraikin horien egungo egoera islatuz. Era berean, Juan Zapater Bilbo Arteko zuzendariak adierazi du Garatuk «historia berridatzi» duela lan honekin, «iragana ikono bilakatuz». «Argazkiei eman dien tratamendua ikusita, hiltzen ari den zerbaiten fede ematen duela esan daiteke».

Langile borrokaren isla

Iurretarraren erakusketan, langile eta gizarte borrokak ere badu zeresana; izan ere, Edesa no se rinde argazkian (Edesak ez du amore eman), Edesa lantegiko langileen borrokaren testigantza eman du, pankarta batean eraikinaren aurrealdea aurkeztuz.

Work Spaces erakusketan, argazkiez gain, eskulturak ere landu ditu artista gazteak: zurez eta marmolez osaturiko forma geometriko sinpleak. Argazkiek ez bezala, eskulturek lan eremu itxiari egiten diote erreferentzia: barne guneari. Horregatik, aretoan ere badute euren tokia mahai batek, aulki batek, apal batek...

Iñigo Garatu Arte Ederretako graduduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboko masterra ere egina du. 2014an, ekoizpen artistikoko beka bat irabazi zuen Bilbo Arte zentroan, eta horri esker lortu du bere lana erakusketa honetan aurkeztea. Bakarka egin duen bosgarren erakusketa du hau, baina taldeka askoz gehiago eginak ditu; besteak beste, Windsor kulturgintza galerian eta Carlton hoteleko III. Arte Lehiaketan aritu da. Horrez gain, 2014an, hirugarren saria eskuratu zuen EHUren irudia zabaltzen lagundu duten ikasleak saritzeko V. deialdian, XXVII. Emakumeen Bira izeneko erreportajeari esker.

Erakusketa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era, hiru astez.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik