Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Urtea gogoetaz amaitzeko

$
0
0
Iritsi zaio agur esateko ordua Donostia 2016ri. Urtearekin batera bukatuko da kultur hiriburutza, eta ekitaldi sorta bat prestatu dute amaitzeko. Urtea bukatuko da, baina hiriburutzak datozen urteetan ere hirian aztarnak utziko dituela ziur daude sustatzaileak. Horregatik, orain arte egindako ibilbideaz nahiz etorkizunera begira utziko duen legatuaz gogoeta egiteko baliatu nahi dute urtea ixteko programazioa. Erakusketa eta dokumental bat prestatzen ari dira horretarako. Horiekin batera, hala ere, 80 ekitaldi baino gehiago biltzen dituen egitaraua osatu dute. Abenduaren 12tik 18ra bitartean izango dira gehienak, baina aste horretatik kanpo ere izango dira beste hainbat. Horien guztien berri atzo eman zuten D2016ko arduradun Pablo Berastegik eta Xabier Payak, Tabakalerako zuzendari Ane Rodriguezekin, Iwona Zielinska Poloniako Kultura Institutuko ordezkariarekin eta Morgancreako sormen zuzendari Carlos Rodriguezekin eginiko agerraldian.

Hain zuzen, Morgancrea etxea ari da erakusketa eta dokumentala prestatzen, D2016rekin elkarlanean. Biak osatzeko, uneren batean hiriburutzarekin harremana izan duten ehundik lagun elkarrizketatu dituzte, hala nola, kultur eragileak, kudeatzaileak, adituak, parte hartzaileak eta herritarrak. Haien lekukotzak dira bi egitasmoen oinarria. Erakusketa abenduaren 16an zabalduko dute, DSS2016EU. Bitakora kaierak izenburupean, eta urtarrilaren 22ra arte izango da ikusgai, Tabakaleran. Ikus-entzunezko izaera izango du, kronologikoki antolatuta egongo da, eta hiru zatitan banatua: lehenak, 2008-2015 urteen arteko epea hartu, eta hautagaitza prestatzeko prozesua azaltzen du; bigarrenak, eta zabalena denak, hiriburutzaren urteari errepasoa egiten dio; eta hirugarrenak, berriz, egitasmoak hirian utz dezakeen legatuari buruzko gogoetari egiten dio tartea. Dokumentalak, berriz, hiriburutzaren legatuari buruzko hausnarketan jarriko du arreta; ordubete inguruko ikus-entzunezkoan dozenaka lagunei egindako elkarrizketak bildu dituzte, euskaraz nahiz gazteleraz. Abenduaren 31n aurkeztuko dute lana, Viktoria Eugenia antzokian.

Gainerakoan, askotariko beste hamaika ekitaldi hartuko ditu hiriak. Hansel Cerezaren Elkarbizitzaren zubia inaugurazio ekitaldiaren gisakorik ez da izango urtea ixteko, baina bai festa bat. Tabakalerak hartuko du festa hori, abenduaren 17ko gauez, eta herritar guztiei zabalik egongo dela nabarmendu dute; kontzertuak, proiekzioak eta DJak izango dira, besteak beste. Epilogo gisa, Kursaalen kontzertua emango dute Tolosako Orkestrak (Okzitania) eta Donostiako Orfeoiak; Brahmsen Requiem alemaniarra obra interpretatuko dute elkarrekin, abenduaren 19an.

Beste hiriburutzei begira

Poloniako Wroclaw hiria izan da aurten Europako beste Kultur Hiriburua, eta hari begira ere jarriko dira amaiera ekitaldietan; Z Polski izenburupean, herrialde horretako dantza eta antzerkiaren astea ere izango da, eta dozena bat lan taularatuko dituzte hainbat konpainiak. Datozen hiriburutzei ere begiratuko die D2016k: ekitaldi instituzionala izango da udaletxean, abenduaren 16an, Danimarkako Aarhus eta Zipreko Pafos hiriei lekukoa pasatzeko, horiek izango baitira 2017ko Europako kultur hiriburuak.

Horiekin batera, beste hamaika jarduera izango dira. Aipatzekoak dira, besteak beste, abenduaren 15ean hasiko den Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa, non hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa aurkeztuko duten; Anjel Lertxundiren Karta Zuria-ren harira, solasaldiak egingo dituzte hainbat idazle eta itzultzailek; Txekhov vs Shakespeare egitasmoaren azken hitzaldia ere aste berean izango da; eta kontzertu nahiz antzerki emanaldiak ere izango dira, besteak beste.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

http://dss2016.eu

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik