Agur esateko ordua iristen ari zaio Donostia 2016ri. Fundazioak bere egitekoa amaituko duela, baina Kultur Hiriburutzak etorkizunean ere aztarnarik utziko duela azaldu dute Pablo Berastegi eta Xabier Paya arduradunek. Horregatik, 2008an hasitako prozesuak orain arte utzitakoaz gogoeta egiteko eta aurrera begira jartzeko baliatu nahi dute amaiera. Urtea ixteko, 80tik gora jarduera biltzen dituen egitaraua prestatu dute D2016tik, abenduaren 12tik 18ra gauzatuko dutena.
Hiriburutzaren ibilbidea aztertzeko eta etorkizunari begira utziko duenaz gogoeta egiteko, bi ekimen nagusi izango dira. Batetik, DSS2016EU. Bitakora kaierak erakusketa zabalduko dute Tabakaleran, abenduaren 16an; hautagaitzaren prestaketa prozesua, hiriburutzaren urtean izandako ekitaldien errepasoa, eta proiektuarekin harremana izan duten hainbat lagunen testigantzak biltzen ditu mostrak. Bestetik, dokumental bat ere ari dira prestatzen, urteko hitzordu nagusiak eta jendearen lekukotzak jasoko dituena. Aurten Europako beste kultur hiriburua izan den Poloniako Wroclaw hirira begira ere jarriko dira, eta herrialde hartako antzerkiari eta dantzari eskainitako programazio berezia osatu dute. Amaiera festa bat ere egingo dute Tabakaleran, urtearen itxiera herritarrekin ospatzeko.
Inauguraziokoaren pareko itxiera ekitaldirik ez da izango, baina izango da ekitaldi instituzionalagorik ere. Datorren urteko kultur hiriburutzei lekukoa pasatzeko ekitaldia egingo dute udaletxean.
Horiekin batera, beste hamaika jarduera izango dira, orain arteko lan ildo nagusiei lotutakoak. Hizkuntzen arloan, esaterako, Europako Hizkuntza-aniztasunaren Foroa hartuko du hiriak, eta Hizkuntza-eskubideak bermatzeko protokoloa ere aste berean aurkeztuko dute. Hitzaldiak, kontzertuak, antzerki emanaldiak eta erakusketak ere izango dira abenduan, besteak beste.