'The Naked Clown'
Egilea eta zuzendaria: Bence Vagi. Dramaturgia: Dorka Gergely. Jantziak: Kriszta Berzseny. Musikagilea: Peter Sarik. Pianoa: Norbert Elek. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Azaroak 24.Zirku eszenikoaz gozatzeko aukerak ez dira ugariak izaten Euskal Herrian, eta horregatik ez zen galdu behar The Naked Clown ikuskizuna.
Budapesteko Recirquel konpainia duela lau urte fundatu zuen Bence Vagi artista polifazetikoak, antzerkia, dantza eta zirku-arteak uztartzeko asmoz eta —esku-programan diotenez— Ekialdeko Europako kultur patrimonioa adierazi nahian. Nago, ordea, komunismotik erbesteraturiko sortzaileari ahaztu egin zaiola Hungariako zirku-eskola 1950ean sortu zuela orduko sistema komunistak eta uste dut Vagik aldarrikatzen duen zirku-tradizioa marketinerako ustezko plus bat baino ez dela, emanaldia erreparorik gabe lerratu delako Quebecetik aspaldian etorri zaigun estetikarekin.
The Naked Clown izenburuaren esangurari jarraikiz (Pailazo biluzia), Brigitta Egyed pailazoari tokatu zaio lanari koherentzia ematearen ardura, Dorka Gergelyren dramaturgia hutsaren hurrengoa izan baita. Bide horretatik, pailazo erdi burutsu erdi malenkoniatsu horrek kontsumitu du denbora osoaren heren bat gutxienez, ingeles hutsez eta bere berbaldi amaigabeekin azalduz pailazo baten barne gogoetak. Hungariera eslaviar hizkuntzez inguratuta bizi da, estoniera eta finlandiera urrunak lagun, baina gaztelaniaz entzun ditugu emanaldiaren ingelesez kanpoko hitz apurrak, euskara latinaren munduan eta ahaiderik gabe dagoela zeharo ahaztuta. Aitortu behar dut haserretu nauela haien sentsibilitate faltak.
Itzul gaitezen, ordea, eszenatokira. Esan bezala, pailazo tristearen burutazio luzeak izan dira ikuskizunaren hari eroale bakarra, baina haien artean zirku-ekitaldi polit eta ausartak ikusi ditugu, zirkua ikustera etorriak ginelako eta ez betelan itxurako hitzontzikeriarik. Pailazoaren hamar minutuko lehen hitzaldia amaitu ostean proiektatu dira artista guztien txinatar itzalak, eta haiekin batera hasi gara preziatzen lan honetako argi delikatu eta landuak, jantzien estilo erdi barrokoa eta soinu-banda aberasgarria, batzuetan erromantizismo garaikidean eta beste askotan erromantizismo klasikoan kokatua, zuzenean jotako pianoaren presentzia nabarmenarekin.
Zalantzarik gabe, Richard Herczegek teknika eta arintasun erakustaldi bikaina egin du haga txinatarrean eta soketan, bere galai itxura komikoarekin. Gero, buruz buruko akrobazia geldoan aritu dira Laszlo Farkas eta Csilla Wittmann, baina, ariketaren zailtasuna gorabehera, agerian hasi da geratzen zuzendaritza artistikoaren makaltasuna, geroko dantza pasarteetan oso nabarmena izan dena. Bikainak eta umoretsuak suertatu dira Aron Pinter malabaristaren eta Leonetta Lakatos pilota gaineko pailazoaren saioak, eta kalitate gorenera heldu da Zsanett Veressek soka lasaian egindako erakustaldia. Hala ere, publikoaren entusiasmoa bigarren zatiaren hasieran etorri da, tranpolineko lau artista gonbidatuk jauzi sinesgaitzak egin dituztenean dekoratuak ezkutatzen zuen ohe elastiko baten gainean, haiekin apurtu baita emanaldian zehar nagusitu den hoztasuna.