Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Bolaño biderkatua

$
0
0
Sekula iritsiko ez zen gibel transplante baten zain zegoela ekin zion Roberto Bolañok (Santiago, Txile, 1953-Bartzelona, Herrialde Katalanak, 2003) mila aldiz txalotutako 2666 nobela idazteari. Ordurako, heriotzara kondenatua zegoela bazekien, eta literatur lan bikain bat osatzera eman zituen bere azken egun eta gauak, legatua utzita, seme-alaben etorkizun ekonomikoa bermatuta gera zedin. Lana bost liburukitan argitaratua izateko borondatea ere utzi zuen idatzia, denboran luzatu zitezen argitalpenak, eta, haiekin, diru iturriak. Azkenean, hil eta urtebetera argitaratu zuten haren lan ikurra, liburu bakarrean, eta, ordutik, gaztelaniaz inoiz egindako nobela onenen artean sailkatu du askok haren legatua.

Baina bazegoen gehiago: minbiziak bizitza ostu zionetik gaur arteko hamahiru urteetan, idazlearen zortzi liburu berri argitaratu dituzte, hark paper artean utzitako oharretatik erreskatatuta. Azkena, El espíritu de la ciencia-ficción, azaro hasieratik da kalean, Alfaguarak argitaratua: idazlearen eskubideak erosi berri ditu argitaletxeak, eta jakinarazi du haren obra guztiak berrargitaratuko dituela. Operazioa, dena esatera, polemikak inguratuta ibili da, eta arrazoi editorialak azaldu baditu ere, interes ekonomikoak leporatu dizkio batek baino gehiagok Carolina Lopez Bolañoren alargun eta oinordekoari. Askok, gainera, ez du begi onez ikusi Anagrama argitaletxearekin hautsi izana, Bolañok zigilu horrekin izandako harreman on eta luzea dela medio.

Edonola, eta literaturatik harago doazen ika-mikaz gaindi, aspaldikoa den eztabaida bat lehen lerrora ekarri du berriro El espíritu de la ciencia-ficción eleberriaren agerpenak. Galdera batean laburbildu daiteke ezbaia: zilegi al da autore batek bizitzan argitaratu gabea hildakoan argitaratzea? Denetariko ahotsak entzun dira.

Bada, izan ere, argitalpenari helburu komertziala ikusten dionik, ekarpen literarioa bainoago. Eta badu zertan oinarritu hala pentsatzen duenak: Bolaño hil zenetik hona, hamaika izan dira —ordura arte argitaratu gabeko liburuez gain— argitara emandako bilduma, berrargitalpen eta edizio bereziak. Idazlea, hil aurreko urteetan, baina batez ere hil ostekoetan, boom literarioa bihurtu da, eta gaztelaniazko autore errentagarrienetakoa bilakatu da argitaletxeentzat. Hainbat iturriren arabera, 500.000 euro ordaindu behar izan ditu Alfaguarak haren lanak eskuratzeko, eta arrakastaz saltzen da idazlearen lan berri bakoitza. Eta, hortaz, bai, ukaezina da tentagarria izan daitekeela Bolaño abizena daraman edozein argitalpen.

Christopher Dominguez Michael Mexikoko kritikariak, edonola, goitik behera ukatu du interes ekonomiko hutsa, liburuaren hitzaurrean: «Ez dute sinesgarritasun handirik Bolañoren hil osteko oihartzuna merkatuaren operazio ilun bati egozten diotenek». Haren arabera, idazlearen arrakasta horrekin lotzen duenak «edo ez du irakurri, edo ez daki nobela salerosketari lotua jaio zela», edo «uste du gaztelerazko literaturak editoreen bultzada behar izaten jarraitzen duela».

Eztabaidak, edonola, badu beste alde bat, etikarekin lotuagoa, nahi bada. El espíritu de la ciencia-ficción, 1984aren bueltan idatzia, hiru libretatan jasoa utzi zuen Bolañok, eskuz eta letra txikiz. Ohiko jardunari eutsi zion orduan ere: eskuz idatzi zuen aurrena, zuzenketak egin gero, eta garbian berridatzi ondoren, eskuz orduan ere. Edonola, eleberriaren zati bat, Manifiesto mexicano izenekoa, ordenagailura pasatu zuen, eta 2005ean izan zen argitaratua La universidad desconocida liburuan, ipuin bakan gisara. Batzuen ustez, zati hori bakarrik mekanografiatu izanak argi erakusten du atal hori bakarrik salbatzeko borondatea. Baina hilik da zalantza argitu zezakeen bakarra.

Obra nagusien aurrekari

Nobela bukatua ote dagoen ere zalantza iturri da. Koadernoetako testuen azken zatian —hain justu, Manifiesto Mexicano atalaren bukaeran— 1984ko data agertzen da, eta Blanesen (Herrialde Katalanak) idatzia dela azaltzen da. Urte horretan bertan zein 1985ean eta 1986an A.G. Porta eta Bruno Montane idazle lagunei idatzitako gutunetan, ordea, El espíritu de la ciencia-ficción nobelaz mintzo zaie Bolaño, eta etsita eta haserre agertzen da bere eleberri «gorrotagarri» hori ezin bukatu dabilelako. Datek, berez, ez dute bat egiten.

Edonola, susmo, zalantza eta ika-mika guztien gainetik, balio literarioa ere aitortu dio kritikari askok Bolañoren eleberri berriari. 1970eko hamarkadan Mexiko Hirian idazketaz bizi nahi duten bi gazteren bizitza kontatzen du eleberriak, zati eta istorio askotako narrazioan, eta ametsen mundua eta estilo errealistaren arteko oreka puntu bat baliatuz. Adituek Bolañoren Los detectives salvajes (1998) nobela ezagunaren protagonisten arrastoa ikusi dute El espíritu de la ciencia-ficción lanean. Diotenez, pertsonaia horien baliokide gazteak dira oraingo liburuan agertzen direnak: hortaz, geroko nobelaren aurrekari gisara ikusi dute 1984ko hura. Gainera, Bolañoren obran lan honek duen garrantzia aipatu dute, nonbait, gerora ospea emango zion prosa baten hasiera suma daitekeelako bertan.

Ale berri bat gehitu behar zaio, beraz, Roberto Bolañoren bibliografiari. Alferrik da hilik egotea, badoa biderkatzen ondarea, eta biderkatzen Bolaño bera. Noraino da kontua.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik