'7'
Konpainia: Ballet am Rhein. Koreografoa Martin Schlapfer. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 11.Gustav Mahlerren 7. sinfonia oinarritzat hartu eta haren gainean eraiki du Martin Schlapfer koreografoak 7 izeneko lan koreografiko luzea, konpositoreak jasandako bazterketa lanerako inspirazioa izanik.
Eszenatoki erabat huts eta beltzean jardun dute dantzariek —berrogei pasatxok: Deutschland berrian ez omen da krisirik, zerbaitegatik izango zen—, den-denek beltzez jantzita, emakumeak soineko beltzekin, gizonak praka beltzekin eta bularraldea agerian —eskerrak!—, edo bestela, praka beltzekin eta kolore bereko —zein kolore?— kasaka arinekin. Florian Etti da arropa beltzen erantzulea, eta berarena ere izan da argi zurien diseinu goibela, Domu Santu egunerako apropos0a.
Dantzari gehienak oinutsik ibili dira, beste batzuk zapata edo bota labur beltzekin, eta neskak askotan agertu dira ballet-zapatilekin, koreografoak karta guztiak jokatu nahi izan dituelako, batekin ez bazen hurrengoarekin asmatuko zuelakoan. Bide horretatik, ballet klasikoko puntak estilo kaletarragoko pasarteekin konbinatu dira, eta nik ez deritzet txarto, kontua da elkartzen jakitea eta, batez ere, haien zergatia jakitea. Nago, ordea, koreografoak nahierara elkartu dituela estiloak, arestian esandako karta-jokoan galduta.
Ballet-zapatilekin eta zapata beltzekin, ez dira gutxi izan Mahlerren sinfonia espresionista apaindu duten oin-kolpeak, eta beroki luzez jantzitako izaki enigmatiko batzuek hieratiko behatu dituzte bikote zentzugabe batzuen amodio-eszena ustez pasionatuak, Daliren margolanetako paisaia desolatuetan bezala. Denak hitz egin digu balizko perfekzioaz, ustezko garbitasunaz, araztasun idorraz. Denak heldu dio burmuinaren logika lehorrari, eta ezerk ere ez bihotzari, sentimenduari, berotasunari, anabasa bizi-sortzaileari. Estetika gogor, hotz eta atletiko batean murgildu nahi izan gaituzte, hori berori delako hilurren dagoen oraingo Europa hutsal, diruzale eta berekoiaren paradigma. Honezkero goi mailako dantzaraino ere ailegatu da gaitza.