Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Sendagaia belar txarren aurka

$
0
0
Mendekotasun fisiko edo psikikoa duten pertsonen mina arintzeko erabiltzen den sendabelar mota bat da belarmina (Centaurium umbellatum). Maitasunean, beste pertsonarekiko dependentzia emozional handiegia izan, eta haren arreta bereganatzeko edozer egiteko gai direnei ezina arintzen laguntzen omen die. Maiteminaren ondorioak sendatzeko balioko zion inori, agian, landarearen izen bera duen Belarmiñak taldeak. Tolosako (Gipuzkoa) taldeak CDa opari duen hamar hazbeteko biniloa kaleratu du: Haztearen izerdia. Bonberenea Ekintzak zigilupean atera dute diskoa, eta grabatu, berriz, Karlos Osinagaren «txalotzeko moduko» gidaritzapean egin dute. Diskoak Osinagari asko dio eskertzeko, Joxi Ubeda gitarra jotzaile eta abeslariaren esanetan: «Arreta guztiz egin du lana, detaile guztietan arreta jarriz». Teknikari lanetan aritu da Osinaga, eta konplizitatea aurrez lortua zuten harekin, aski ezaguna baitzuten lau taldekideek musikari irundarra. «Begiratze hutsarekin» elkar ulertzeak asko erraztu die estudioko lana.

Auzokide dira Ubeda eta Iki Poliki (gitarra eta ahotsa), eta haiek jarri zuten martxan proiektua. Biko formatuan egin zuten lehen emanaldia, 2013an, eta taldekide eta instrumentu gehiago batu zitzaizkien gerora. Leire Zumetaren trikitiak lagunduta, sei abesti grabatu eta sareratu zituzten —disko berrian ere parte hartu du—. Formazioan aldaketa batzuk tarteko, taldeak egun duen itxura hartu zuen Eñaut Maizekin (baxua eta ahotsa) eta Ilargi Agirrerekin (bateria). Laukote gisa forma orain gutxi hartu arren, guztiek ere ibilbide luzea egina dute musikan (Tortura Sistematika, Bukaera, Lobo Electrico, Perlak eta abar). Punk, hardcore edo rock eszenan aritu dira, batez ere, Ubeda, Poliki eta Maiz. «Muturreko» doinuetatik pop, rock eta, noizbehinka, folk ukituko doinu melodikoagoetarako saltoa «era naturalean» egin dutela dio Ubedak, hala atera baitzaizkie abestiak. «Orain egiten dugunak badu indarra, baina aurreko taldeetan egiten genuena baino melodikoagoa edo poperoagoa da», azaldu du.

Ubedak jarri zuen, betiere Polikiren gitarra lagun, proiektuaren lehen harria. Alta, taldea ez du hartzen bere proiektu pertsonal moduan: «Ideia batetik abiatu, eta hori moldatuz joaten gara. Guztiok dugu zerbait eskaintzeko hasierako ideia horri, eta elkarlan edo talde lan hori da niretzat ederrena». Taldekideen eskarmentua nabari delakoan dago: «Jende jakin batekin elkartu, eta berehala sortzen da konplizitatea, eta gure kasuan hala gertatu da». Horrez gain, musika gustuak eta «musika egiteko modua» ere partekatzen dituztela dio. Haren ustez, konplizitate hori izan da, teknikariaren «itzelezko» lanaz gain, diskoa hain azkar grabatu izanaren gakoa: «Hiruzpalau egunean grabatu genuen». Aurretiko lana, baina, luzeagoa izan da. Abestiak prestatu, eta horiek estudiora ondo mamituta eramateko asmoz, denbora asko eman dute taldekideek entseatzen. «Ideiak sinplifikatu», eta lortu nahi zutenaren muinera jo dute.

Hamabost minutu pasatxo ditu diskoak, eta kideak adina abesti. Koloretsua eta alaia iruditu dakioke lana entzuleari, ez musikagatik soilik, baita azala bere egiten duten era guztietako loreengatik ere. Gaur egungo errealitatea gordinagoa dela uste du, ordea, Ubedak. Hark egin ditu hitzak, eta, harentzat, garrantzitsua da errealitate horren aurrean hartzen den jarrera. Horregatik saiatu dira diskoan ere ideia hori islatzen: «Gure bizimodua alienatzailea eta estresagarria da, baina aurrera egin behar da umore eta alaitasun pixka batekin».

Lau kontzertu epe motzean

Hainbat emanaldi eskainiak ditu taldeak bere ibilbide motzean, areto, jaialdi, gaztetxe, taberna eta bestelako plazetan. Disko berria aurkezten ari diren honetan ere badituzte lau kontzertu, gutxienez, agendan. Taldearen sorterrian, Tolosako Bonberenean ariko dira igandean, 20:00etan. Azaroaren 26an, berriz, Donostiako Le Bukowski tabernan joko dute, eta 29an, Gasteizko Parral tabernan. Durangoko Azokan ere zuzenekoa eskainiko dute, Ahotsenean.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik