Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Aski, amets eginarazteko

$
0
0
Sustrai Colinak irabazi zuen Larresoron (Lapurdi) atzo jokatu zen Xilaba bertsolari txapelketako azken finalaurreko saioa, 429 puntu bilduta. Haren atzetik sailkatu ziren Odei Barroso (398,5), Xumai Murua (384), Eneritz Zabaleta (390), Aitor Servier (380,5) eta Ramuntxo Christy (365,5). Giroa bero, eta entzuleak adi, finalaren aurreko azken saioa zela nabari zitzaien bertsolariei. Hasierako agurrean kantatu zuen Colinak «bertsotan amets eginaraztea» zuela helburu; horretan segitzeko aukera eta finalerako sailkatzea lortu zuen. Hala, argi geratu da zein seikotek jokatuko duen azaroaren 12an Baionan finala.

Gogoetarako baliatu zuten bertsolariek zortziko handiko ariketa. Barroso eta Murua elizara urte luzez joan ez ziren bi lagunen azalean jarri zituen Maiana Irigoien gai-emaileak. Poliziak hildako herritar baten aldeko protesta batera joan ziren Servier eta Christy. Zalantzei tiraka, fin aritu zen Servier: «Ene kezka da biak girela/ hemengo xuri bakarrak». Eztabaidan aritu ziren Zabaleta eta Colina, ikastolako festa baterako afixa euskara hutsean egin edo ez erabakitzeko. Hala biribildu zuen saioa Colinak: «Euskara gugan gorde dezagun/ Berri Txarrak gozatzeko,/ eta frantsesa atxik dezagun/ Parisen negoziatzeko».

Bizi aritu ziren bertsolariak zortziko txikiko ariketan, eta haien ateraldiak gustura hartu zituzten entzuleek. Hamarreko txikian, elkarrekin eztabaidan jardun zuten Barrosok eta Servierrek. Alderdi politiko baten hauteskunde kanpaina prestatzen aritu zen Barroso, eta bozkatzeko asmorik ez zuen Servier bere semeak. Kalean egindako lana etxean egin ez izanaz kexu zen Barroso, eta borrokatzeko hauteskundeetan parte hartu beharrik ez zela aurpegiratu zion Servierrek Barrosori: «Baina ulertu zazu/ aitatxo maitea,/ politika ez dela/ bozka ematea».

Bakarkako lanean, nor beretik aritu ziren bertsolariak; «telefonoa jo eta jo ari zaizu, ez duzu erantzuten» gaiari kantatu zioten. Aita ospitalean zuenaren azalean jarri zen Barroso, eta horrela amaitu zuen lehen bertsoa: «Nik ez dut erantzun nahi/ ta ez da gero broma,/ dakidalako ez dela/ izanen berri ona». Zorrotz amaitu zuen bertsoaldia: «Nik ere beste zerbait/ nuke barne gurari.../ baina nolatan heldu/ eriaren gudari?/ Nik baditut orain beldur/ eta kezka ugari./ Telefonoa hartu dut/ hor dago jotzen ari./ 'Aupa aita, zer diozu?'/ aditu diot adi/ orain heldu behar diot/ gelditzen zaigunari». Egunerokoan nork bere buruarentzat denbora hartu beharraz aritu zen Colina; horrela bukatu zuen bertsoaldia: «Gaur gaua neretzat hartu/ dut dena nere alde./ Zoriona ta plazerra / daudelako debalde./ Telebistari so egin/ dut, nere baitan galde:/ nola biziko nintzake/ telefonorik gabe?».

Baiona helmuga

Azaroaren 12an jokatuko da Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko Bertsolari Txapelketako finala, Baionako Laugan. Sustrai Colina, Amets Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Xumai Murua igoko dira oholtzara.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik