Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Hauts bihurtzeari uko egiten diote oraindik

$
0
0
Talde hasiberri xamar bati buruz ari bagara, behintzat, uda estudioko itzalpean diskoari forma ematen pasatzea izan daiteke hura osatzen duten taldekideen konpromisoaren adierazle. Horri gehitzen badiogu, ordea, irailaren amaieran diskoa aurkeztu eta bi aste eskasean zortzi kontzertu eman dituztela, are indar handiagoa hartzen du hasierako tesiak.

Hala egin du, bada, Donostian jaio, baina jatorri anitzeko musikariak elkartzen dituen Liher taldeak. Autoekoizpenaren aldeko hautua eginez, Hauts izeneko diskoa ondu du Lide Hernandok (ahotsa, koroak eta gitarra), Iñigo Etxarrik (koroak, gitarrak eta perkusioa), Joshka Natkek (baxua) eta Ander Vildosolak (bateria) osatutako laukoteak. Diskoaren izen bera duen abestian aipatzen da gizaki ororen patu den hauts bihurtze hori: «Hauts bihurtzen jaiotzetik irakasten digute». Zentzu iradokitzailea ere badu gaiak, ordea, Hernando abeslariaren ustez: «Kontziente izan behar dugu, hain azkar doan gizarte honetan, guztiok hauts bihurtuko garela. Errealitate hori onartu beharra dago. Horren aurrean, baina, egon zaitezke geldi, ala, memorian zerbait gorde nahi baduzu, has zaitezke zerbait sortzen, egiten». Sortu, sortu dute bederatzi abestiz osatutako lana. Ekinean jarraitzen dute, ordea, atsedenerako tarterik hartu gabe. Urrian plaza ugaritan aritu eta gero, azaroan ere beste horrenbeste kontzertu ere, gutxienez, badituzte agendan.

«Mimo» handiz egindako lanak jaso duen harrerarekin kontentu dira taldekideak, eta halakoetan hain garrantzitsuak izan ohi diren kritikarien bedeinkapena ere jaso dute, orain artean. Erregistro aldaketetara ondo egokitzen jakin duen Hernandoren ahotsa —«gustatzen zait saltseatzea»— nagusitzen da iturri anitzetatik edaten duten doinu eta erritmoen gainetik. Taldekideak «musikalki horren eremu desberdinetatik etorri garenez, eta kontsumitzaile bezala ere denetarik entzutea gustatzen zaigunez», berez gertatu dela uste du. Alta, «oso disko homogeneoa» izan ez zedin, euren partetik ere intentzioa egon dela onartu du. Heterogeneoa da doinuetan, eta halaxe da hitzetan ere. Metaforak eta ironiak etengabeak dira, baina badira zuzenagoak diren letrak ere. Hernandok eginak dira guztiak, eta, horietako batzuetan bere izaera, hein batean, hitzetan ere islatzen dela dio: «Ni berez, nahikoa ironikoa naiz, eta letrek ere, normalean, ironia puntua izan dezaten gustatzen zait. Letra bat lehendabiziko aldian oso ulerterraza izan ez dadin saiatzen naiz, jendeak gogoeta egin dezan».

Mugarria

Orain urtebete bakarka zebilen kontzertuz kontzertu Hernando —orduan ere Liher izenarekin—. Hala grabatu zuen Arrazoi gutxi, denbora asko maketa ere. Gerora hartu zuen egun duen talde forma, lagun batek jaialdi batean hala aritzeko proposamenari kasu eginez. Hauts diskoak, ordea, taldearen ibilbidean inflexio-puntu bat markatu duela argi du Hernandok; bestelako proiektuetan ere ari baitira kideak (Koban, Physis versus Nomos, Emon ), baina ez intentsitate berarekin: «Erabaki genuen momentu batean konpromiso maila handiena Liherrek hartzea, baina beste proiektuak ez ditugu baztertu; hor jarraitzen dugu denok».

Beren musika hedatzeko bideak ahalik eta hobekiena aprobetxatzeko asmoa ere erakutsi du Liherrek. Horretarako, zuzenekoak bezalakorik ez dagoela jakinda ere, sustapenerako darabiltzate beste hainbat tresna ere. Bideoklip bat egina dute. Horrez gain, sare sozialetan presentzia mantentzen ere saiatzen dira. «Taldeak irudi bat ematen du sarean ere, eta garrantzitsua dela iruditzen zait», azaldu du Hernandok.

Laukotearen azken asteotako saioei begiratu besterik ez dago, hala ere, konturatzeko haientzat kontzertuak dutela lehentasuna. «Kontzertu gehienetan, guk aukeratu ditugu lekuak, eta saiatu gara Euskal Herri osoan zabaltzen, ez Donostian eta inguruetan geratzen», dio Hernandok. Hurrengoa, baina, hiriburu horretan bertan izango da. 2016 bidea egitasmoaren barruan Bulebarrean ariko dira bihar, 17:30ean.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik