Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Jazzaldia saria, Benny Golsoni

$
0
0
«Jazzaren historiako handienetako bat». Halaxe definitu du Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak Benny Golson konpositore eta saxofoi jotzailea. Eta, hain zuzen, musikaren garapenean utzitako lorratzarengatik eskainiko diote aurten Jazzaldia saria. Beste askoren artean Jazz Messengers eta The Jazztet banda enblematikoetako kide izandakoa, Stamblemates, I Remember Clifford eta Blues March pieza ezagunen sortzailea ere bada; jazza lantzen duen edozein musikariren errepertorioan ezinbestekoak diren lanen egilea, alegia. Uztailaren 22tik 26ra izango da Jazzaldia, eta Golsonek 24an joko du, Kursaal aretoan. Horrez gain, 50 urteotan Donostiak eta jaialdiak izandako harremana laburbiltzen duen Round Midnight erakusketa aurkeztu dute; Donostiako San Telmo museoan egongo da ikusgai abuztuaren 16ra arte. Behinola erabilitako afixak, eskuorriak, azalpenak eta beste bildu dituzte.

Handienen garaikide izan da Golson: Clifford Brown, Philly Joe Jones, Lionel Hampton, John Coltrane, Dizzy Gillespie, Paul Chambers, Max Roach... Baina ez hori bakarrik: haiekin batera ere aritu da, jazzaren kronika historikoa aberastuz. «Edozein publiko motak ezagutzen duen musikarietako bat da», zehaztu du Martinek.

Rhythm and blues estiloan aurreneko urratsak eman, eta hard bop jazzean ere murgildu izan da. Garai batean jazza bazterrean utzi bazuen ere orkestra lanean zentratzeko, bueltatu egin zen, eta oraindik horretan dihardu. 86 urterekin, soinu «dotorez» jarraitzen du artistak, antolatzaileek azaldu dutenez.

Ez da hura izango, nolanahi ere, izar bakarra. Jamie Cullumen presentzia ere goraipatu du zuzendariak. Izan ere, hiru formatutan egongo da: bakarka, pianoa jotzen; taldearekin; eta DJ lanetan. «Udako jazz zirkuituko egitarauetako mugarri handietako bat izango da», iragarri du Martinek.

Leporaino dago kartela, eta, horregatik, zenbait izen nabarmendu dituzte: hala nola Dee Dee Bridgewater, Gregory Porter, Melody Gardot eta Silvia Perez Cruz abeslariak. Haatik, bada zer gozatua kantarien aldera baino estilo musikalago baten alde egiten dutenentzat. Esaterako, Joshua Redman, Benny Golson eta John Zorn taldeak igoko dira oholtzara.

50. aldia «berezia» izango dela iragarri du, halaber, Martinek. «Edizio berria, gaztea, modernoa, edozeinentzat eta irekia da». Bide horretatik jo du azaltzeko izar nagusietako batzuk 30 eta 40 urteren bueltan daudela. Baina beste katebegi bat lotuta beteranoak ere izango direla argi utzi nahi izan du, eta haien ekarpena laudatu.

Eboluzioa. Horra jaialdiak izan duen eraldaketa. Martinezen aburuz, «ikasi» egin dute antolatzaileek bost hamarkadetako bidean, eta hori nabaritu egiten da. «Orain 50 urte, donostiarrak oin puntetan jarri eta kanpora begiratzeko plataforma zen hau». Egun, aldiz, jada ohiko bihurtu da jazza hiriko musika eszenan, eta plaza esanguratsua bilakatu da Jazzaldia. Zuzendariak aipatutakoa borobildu du Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak: «Kalitatea azpimarratu beharra dago, bai eta programatutako ekintza kopurua ere».

Erakusketan, Jazzaldiaren jaiotza kontatu dute: jada zinemaldia martxa zegoen garaian, «kosmopolita» zen Donostia. Ondorioz, Antibes eta Nizako jazz jaialdiak buruan, Turismo gunera jo zuten hainbat gaztek, antzeko zer edo zer egitea proposatzeko; bertan, Ramon Peironcely Turismo zinegotziaren arreta bereganatu zuten, eta halaxe jarri zuten martxan egitasmoa. 1966. urtea zen. Trinitate plaza izan zuten erdigunetzat, egun ere foku inportanteenetako bat den gunea. «Trinitate plaza munduko auditorium demokratikoena da, mundu guztia berdin-berdina da eta; ez dago erreserbatutako tokirik: lehenengo heltzen dena aurrena esertzen da, eta kito!», gaineratu du Martinek. Orduko irudiak eta azalpenak bildu dituzte, bai eta ibilbidea azaltzen duen bideo bat ere.

Donostiako alkate Eneko Goiak, berriz, ekinbidearen finantzaketa izan du gogoan, eta pribatuak eta publikoak nahasteak dauzkan «abantailak» aitatu ditu, eta eredu bezala hartu du.

Hondartzan hasiko da Jazzaldia jaialdia, uztailaren 22an, Jamie Cullumen DJaren emanaldiarekin. Gainera, Earth, Wind and Fire eta Jimmy Cliff ere egongo dira, besteak beste.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik