Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Klasizismoan harrapatuta

$
0
0

Herbehereetako Ballet Nazionaleko Junior Konpainia

Zuzendari artistikoa: Ted Brandsen. Koordinatzaile artistikoa: Ernst Meisner. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Urriak 20.

Klasizismoan harrapatuta eta aro garaikidean sartu ezinik etorri dira Gasteizera Herbehereetako Ballet Nazionaleko Junior Konpainiako dantzariak.

Hemezortzi eta hogei urte bitarteko dantzariak batzen dituen konpainia holandarrak ballet klasikoko obra batekin hasi du egitaraua —Marius Petiparen Corsaire, Pas de trois— seguruenik horrelakoak ikustera etorriak ziren ikusleen gozamenerako. Hala ere, lan arkeologiko horren ostean etorri den Ballet 101 piezak haien eskemak apurtu eta gauzak bide onera ekarri ditu.

Eric Gauthierren pieza berezi hori 2009an etorri zen Euskal Herrira Dantzaz konpainia gaztearen eskutik, baina beti da gozagarria berriz ere ikustea. Ballet klasikoaren oinarrizko posizioetatik abiatuta hainbat jarrera berri diseinatu zituen koreografoak, ehun bete arte, eta eszenako dantzariak banan-banan gauzatu behar ditu ehun posizio horiek off-eko ahotsaren aginduz. Izan ere, ahots hori dugu lan labur honetako soinu-banda lehorra —perkusio ia subliminal batekin—, ahotsak gidatzen baitu dantzariaren mugimendua, zoriz esandako zenbakien arabera. Ariketa horretarako dezenteko trebakuntza behar da, baina Giovanni Princicek erraz gainditu du erronka, eta entzutekoak izan dira besaulkien erdiak betetzen zituzten dantza ikasle gaztetxoen barreak, ballet mitifikatuarekin ere gauza dibertigarriak egin ahal direla deskubritzean, eta are gehiago piezako azken ezustea etorri denean.

Ordea, atal horretatik aurrera, berriz ere jausi gara sitsek jandako neoklasizismoaren zuloan, teknizismo ezinduan trabaturiko Ernst Meisnerren Embers lanarekin eta molde zurrunak zertxobait solteago azaldu dira Juanjo Arquesen Blink (Begi-keinua) izeneko zatian, batez ere Max Richterren musikak —Vivaldiren Lau urtaroak oinarrian— horrela jokatzea agindu dielako.

Zalantzarik gabe, pausaren ostean etorri da emanaldi osoko atalik baliotsuena, Hans van Manenen eskutik. Van Manen Miarritzeko Dantza Maitaldian ikusi genuen 2012an, orduko hartan Dutch National Balletarekin, eta oraingo honetan Erik Satieren Trois gnossiennes ekarri du, izen bereko konposizioetan oinarrituta. Bikain, ageriko pasioetatik ihesean eta edertasunaren bilaketa determinatuan agertu zaizkigu hiru duoetako bi dantzariak —Melissa Chapski eta Giovanni Princic—, eta orbanik gabe murgildu gaituzte Satieren malenkonia onirikoan, koreografoaren diseinu leun eta kementsua lagun.

Hurrengo lana —Rudi van Dantzigen Autumn Haze— berriz ere ibili da klasizismo hertsitik erabat askatu ezinik, eta azken lekuan etorri den No Time before Time —Ernst Meisner ostera ere— diseinatua izan da ikusleen gustukoa izateko eta konpainiako dantzari gazteek beren erakustaldi laburrak egiteko, koreografoaren eta konpositorearen eskandaluzko inspirazio falta gorabehera.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik