Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Ordenarik gabeko kontrola

$
0
0
«Ezin nuen irudikapenean gehiago sinetsi, eta abstrakziora pasatzea erabaki nuen». 1988an eman zuen figuraziotik harago joateko jauzia Albert Oehlen artista alemanak (Kreferd, Alemania, 1954), baina, Bilboko Guggenheim museoan azaldu duenez, abstrakziorako bide hori ez zen oztoporik gabekoa izan. Irribarrez eman du esplikazioa, bibote eta betaurreko erridikuludun aurpegi itsusi erraldoi bat ageri duen Artaburua koadroaren aurrean. «Hasieran ez nekien zer pintatu, eta orri zuriaren aurrean sentitzen den beldur hori sentitu nuen, harik eta erabaki nuen arte margotzeko gai bat bilatu behar nuela, eta erabaki nuen gai erabat ergela aukeratzea zela bidea, horrela inork ez baitzuen pentsatuko margolana benetan gai hori irudikatzeko egin nuenik». Artistaren garai horretako eta geroagoko hamabost artelan bildu ditu orain museoak Albert Oehlen: Irudiaren atzean erakusketan, eraikineko lehen solairuan. Otsailaren 5era arte egongo da zabalik.

«Ez zait kaosa interesatzen, ordenarik gabeko kontrola baizik». Behin baino gehiagotan esan da artistaren esaldi hori nazioartean eskaini zaizkion erakusketetan, eta balio dezake sortzailearen asmoa azaltzeko. Dioenez, askatasun artistikoa du helburua, eta ez du maite bere lanei buruzko azalpen eta interpretaziorik ematen aritzea. Koadroaren gainazala da haren erronka. «Ez dut nahi publikoak margolanetan ezer bilatzerik: koadro hauek direna dira, eta kito», azaldu du Bilbon. Baina bada alderik koadrotik koadrora. Izan ere, guztiak nahasian zintzilikatu badituzte ere, hiru atal ditu erakusketak: hasierako lan abstraktuak daude batetik, ordenagailu bidez sortutako pinturak bestetik, eta azken hiru urteetan lantzen dabilen Zuhaitzak izeneko neurri handiko margolan serieko lan sorta bat azkenik. Gainera, bi autorretratu ere hautatu ditu bildumarako.

Alemaniako Kolonia hirian bizi da artista, baina estudio bat du Ispasterren (Bizkaia), eta, hain zuzen ere, aurtengo udan hango estudioan sortutako margolan bat da aretora sartzean bisitariak aurrez aurre topatuko duena. Collage nahasi baten moduko bat da irudia. Figuraziotik abstrakziorako jauzian hor ere. Padel erraketa baten irudi publizitarioa igar daiteke margolanaren geruza guztien azpian, baina informazioz saturatuta dago koadroa. Arropa eta kirol marken izen eta logotipoak nonahi, eta, horren guztiaren gainean, pintura zuri eta beltzez egindako lerro eta orbanak. Oehlen: «Pintura abstraktu bat egin nahi nuen, nonahi agertzen ziren publizitatearen osagaiek traba egiten ziotena. Baina, batez ere, pinturatzat jo daitezen nahi nuen, ez collagetzat».

Pinturarentzat bide berriak urratzea da Oehlenen asmoa, Petra Joos erakusketako komisarioaren hitzetan, eta zuhaitzen seriea aipatu du adibidetzat. Izan ere, oihal gainean margotu beharrean, aluminiozko xafla zurien gainean margotu ditu artistak serie horretako lan guztiak. Oehlen: «Oihala ez da zurruna, eta, haren gainean margotzerakoan, eman egiten du. Aluminiozko gainazal hau ez da malgua, eta zurrun geratzen da. Askoz ere sentikorragoa da, eta askoz ere gehiago erreakzionatzen du; kasik akuarela bat balitz bezala egin liteke lan haren gainean».

Bide berriak urratzen

Pinturaren heriotza da artistaren azkenaldiko kezka artistikoa, komisarioaren hitzetan, baina, zehaztu duenez, pintura bidez lantzen du gai hori. Barre egin du Oehlenek. «Badira jada 100 urte pinturaren heriotza aipatzen dela, baina nor hasi zen horretaz hizketan?». Aitortu du kezka, halere. 1960ko hamarkadan artista askok diziplina abandonatu, eta espazioarekin, ekintzekin edo gorputzarekin sortzen hasi zirela, eta hain justu ere Guggenheimeko bere erakusketaren gaineko solairuan atzera begirako zabala duen Francis Bacon margolaria aipatu du salbuespen gisa. «Bera zen onena, ezta? Pintura tradizionala egin zuen, baina era erradikal batean». Gazte zenean ere, Oehlenek ez zuen pinturan erreferente askorik ikusten lanean. Akaso hortik dator bere bide berriak bilatzeko kezka hori ere.

Ordenagailuarekin egindako margolanak ere ikus daitezke erakusketan. 1992an hasi zuen bide hori Oehlenek: «Madrilen bizitzen egon ostean, denboraldi batez Los Angelesera joan nintzen urte erdiz, eta han sortu ziren ordenagailuz egindako koadro hauek». Umorez egin du lan mota horren deskribapena ere. «Ordenagailu bat erosi, programa batzuk jaitsi, eta zirriborro batzuk egin nituen. Hemen ikusten diren horiek, hain zuzen ere». Serigrafiatuta daude ordenagailuz sortutako irudiak, eta bi metro baino gehiagoko zabalera dute gehienek. Handituta daude irudiak, eta pixelatuta ikusten dira horregatik lerroak. Zuria da atzealdea, eta beltzak dira marrak, eta Jackson Pollock margolariaren lanen aire bat dute horregatik Oehlenen margolan horiek, baldin eta Pollock iraultza digitalaren ostean jaio izan balitz.

Zuhaitzen seriea da erakusketan ikus daitekeen lan multzorik berriena, eta abstrakzioaren eta figurazioaren arteko mugekin jolasten da haietan margolaria berriz. Izan ere, irudikoak ez dira zuhaitzak, baina zuhaitzen logika berarekin marraztu ditu artistak. «Zuhaitzek badute erdigune zentral sendoago bat, eta hortik marra finagoak sortzen dira: adarrak. Bada, margotzerakoan zeure buruari baldintza sinple horiek ezarriz gero, zuhaitzak aterako zaizkizu beti». Zuhaitz ez diren zuhaitzak, alegia. Itxura figuratiboko margolan abstraktuak.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik