Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Los Angeles gurean

$
0
0
Benjamin Millepied

Konpainia: L. A. Dance Project. Koreografoak: Justin Peck, Marta Graham, Benjamin Millepied. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Urriak 11.

Distira handiko egitarau batekin hasi da Miarritzeko dantza programazioa, orain arte iraileko dantza Maitaldian gehienbat zentratzen zena, eta gertakizuna ospatzeko nor eta Benjamin Millepied ekarri dute.

Millepied Frantziako dantzaren enfant terrible-tzat jo dezakegu: bere ibilbidea jaioterritik kanpo gauzatu ostean Parisko Opera Nazionaleko Balleteko zuzendari izendatu zuten, baina handik gutxira utzi zuen kargua, berak nahi zuen norabide berria aurrera eraman ezinik. AEBetara itzuli eta Los Angelesen fundatu zuen L. A. Dance Project, eta orain Euskal Herrian eduki dugu haren emaitza zoragarria ikusteko pribilegioa.

Egitarauaren planteamendua esangura handikoa izan da, lehen eta hirugarren piezak beste sortzaile batenak izan direlako (Justin Peck) eta haien erdian Marta Grahamen hiru duo tartekatu dituztelako, era horretan garbi utzita konpainiako dantzarien mugimendu-kalitatea eta inguruan dabiltzan koreografoen planteamenduak modern dance-aren maistraren irakaspenetatik artez datozela eta harrezkeroztik bilakaera natural zoragarria eduki dutela. Pausaren ostean, Millepieden beraren On the other side etorri da, eta berarekin egiaztatu dugu aurreko ataletan antzemandako ezaugarriak konpainiaren erroetatik jaio eta oparotasuneraino garatzen direla, izugarri trebaturiko dantzari bikainen bidez eta inspirazio handiko koreografoen maitasunez.

Ezinezkoa zait piezei buruzko banan-banako azterketarik egitea, hain da korapilatsua, hain funsgabea, haietariko bakoitzaren muina besteen izpiritutik bereizten saiatzea, hain izan dira laurak elkarri ondo lotuak, elkarrekin sendo muntatuak. Gezurra badirudi ere, jantzien diseinu aurreratua da hasiera batean hobekien gogoratuko duguna: gaztetasun klasikokoa, urbanoa eta freskoa Justin Pecken Murder ballades piezan, dotorea eta askoz neutroagoa Marta Grahamen duoetan. Helix piezan garai bateko futurismoaren estiloa hartu dute dantzarien maillot gris-urdinxkek, baina aratzak eta egokiak izan dira gorputzen malgutasuna nabarmentzeko, eta Millepieden amaieran muturreko soiltasun, edertasun eta koloretasuna erdietsi du jantzien diseinuak.

Abstraktutik hurbil ibili diren musiketan bilduta ?Bryce Dessner, Cameron McCosh, Esa-Pekka Salonen eta Philip Glass? edertasun eztanda batean murgildu gaituzte dantzariek, beren teknika klasiko orbangabean oinarrituta baina hark sortutako loturetatik erabat askatuta, gazte jendearen jolasetan lehen piezan, mugimendu-estudio aratzetan Marta Grahamenean, keinu malguak, abiadura handikoak eta aberatsak deskribatuz hirugarrenean, eta istorio abstraktuak ehuntzen eta desehuntzen Millepieden suitean, haurren inozentziari gorazarre eginez bezala, freskotasun betean, dotoretasun handiz, arintasun ederrez eta, amaiera aldera, emozioa goraino igoaraziz bi emakumeren arteko duo pasionatu eta poetiko harekin.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik