Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Jun Markl. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Egitaraua: X. Sarasaren Fanfarria #3308, T. Hosokawaren Meditation. To the victims os Tsunami eta C. Orffen Carmina Burana. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urriak 8.Egongelan telebista ikusterakoan, askotan elkarrizketa bat izan nahi dugu aldi berean. Horraino dena logiko, baina aparatu teknologikoaren bolumena ozenegia denean elkarrizketa garrasi formatura eraldatzen da di-da batean. Askotan ez gara ohartzen, eta konturatzen garenerako lokartzeko unea da, beranduegi erremedioa. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldiko lehen agur honetan orkestrak hazbete handiko telebista erraldoi boteretsu baten rola hartu zuen, aldi berean gauzatzen ari zen bi aguretxo ahulen arteko elkarrizketa xumea Donostiako Orfeoiko abeslarietan irudikatuz. Jun Markl zuzendariaren azken denboraldi honetan, oreka guztiz apurtuta azaldu zen Carl Orffen Carmina Burana kantata famatuan. Hain bere duen obra honetan, abesbatzak ezin du bere partaidetza ezerezean utzi: hasierako O Fortuna-tik pianoak indartsu, perkusioa kontrolik gabe eta tronpa taldea beste uneetan faltan bota dugun indar basatian. Zuzendaria deseroso, azeleratu eta frenatu beharreko musika pasarte horiei teknikoki eutsi gabe.
Bitartean, koruko sopranoak pianissimi txalogarrian, gizonezkoak hitz jario gardenean eta ahots bakarlarietan Carlos Mena kontratenorraren partaidetza osoa eta Susanne Elmark sopranoaren O dulcissime kantataren unerik distiragarrienak izan ziren. Esan bezala, elkar entzute eta bateratasun faltek interpretazioa biribiltasunetik urrundu zuten. Ahotsak eta instrumentuak ez ziren kolore intentsu berdinetan aritu, hauts ikus eta entzungaitzetik bonba atomiko neurtu batera segituan bihurtzen den obra fantastiko hau guztiz liluratu gabe. Obraren irakurketa abesbatzaren proposamenetik abiatu izan balu...
Aurretik, sekulako ikuspegi aldaketa agertokian: orkestrako tronpa jotzailea da Xabier Sarasa, eta estreinakoz bere Fanfarria aurkeztu zuen, obraren garapenean korapilatzen diren harmonia jokoak erritmo sakonarekin ederto txertatuz. Segidan, Hosokawaren obrak orkestraren soinu koloreak biluztu zituen, sokaren bake uneak haize egurraren kantu hots pintzeladekin urtuz, japoniarraren obra aztertzean lan interesgarria egingo dutela aurreikusiz.