Nondik jaiotzen da koreografia bat? Eta nola? Galderak erantzun nahi ditu Donostia 2016ko egoitzan zabaldu berri duten Anexatik Yauzkarira. Dantzatzeko ez diren koreografiak erakusketak, Euskal Herriko lehenengo dantza garaikideko konpainia sortu zuten Jose Lainez eta Concha Martinez koreografoen lanak ardatz. Dantza garaikidearen barrunbeak atera nahi dituzte agerira. Testuak, emanaldien zirriborroak, marrazkiak, objektuak, egunkari eta argazki zaharrak... Ez da hori bakarrik izango, ordea. Bertha Bermudez komisarioak eta haren ahizpa Maite Bermudezek bi sortzaileen bizitza oinarri prestaturiko Ventanas adentro (Leihoak barrua) dokumentaletik abiatutako proiektua da erakusketa; horregatik, ezinbestean, ikus-entzunezkoa ere bertan proiektatuko dute. Hilaren 28ra arte egongo da zabalik; tartean, topaketak, haurrentzako dantza tailerrak, hitzaldiak eta bisita gidatuak eskainiko dituzte.
Meta moduko bat sortuz pilatutako aulki multzo bat. Dantzarien gorputzak orrietan margotuta. Agertokien muntatzeak. Garai bateko koreografien argazkiak. Horiek dira, besteak beste, erakustoki bihurtutako hiriburutza kulturalaren lokalean daudenak. Garai batean garaje bat izandakoa mugimenduz eta doinuz bete dute. «Proposatzen dugun erakusketa eremuak Solas (Bakarrik) obraren eszenaratzea iradokitzen du. Atrezzoa, estiloa, giroa...», azaldu du Uharteko (Nafarroa) Arte Garaikideko Zentroko zuzendari Javier Manzanosek. Donostiara heldu aurretik, bertan egon zen Anexatik Yauzkarira. Dantzatzeko ez diren koreografiak, eta harrera beroa izan zuen, Manzanosen irudiko. «Bi koreografoen lanaren ikuspegi humanista daukate», gaineratu du, erakusketan esentzia hori nabaritzen dela azpimarratuta.
«Parte hartzea bultzatzen duen espazioa zabaldu dugu; gune bat non dantzaren sorkuntza prozesua argi eta garbi ikusten den», azaldu du Bermudezek. Uharteko gunearekin alderatuz, oraingoak «performatibitate gehiago» daukala azpimarratu du, eta horregatik bat-bateko ekintzak egitea errazagoa dela. Bestalde, hark ekoitzitako dokumentala izan du gogoan: bi omendutakoez gain, Anexa dantza taldeko hamaika kide elkarrizketatu ditu —Mentxu Medel eta Iñaki Landa, esaterako—. Azaldu duenez, ikus-entzunezkoa «esperimental xamarra» da. «Ez da hastapen liburu bat», zehaztu du.
Sortzaile aitzindariak
«Josek eta Conchak egindako joan-etorriko bidaia» islatzen du, Donostia 2016ren zuzendari nagusi Pablo Berastegiren hitzetan: «Konplizitate eta elkartasun sare bat da erakusketa, aurretik inork urratu ez zuen bidea egin zuten bi sortzaileak omentzeko». Pieza gehienak Lainezek sortu ditu, baina bada haren seme David Lainezek prestaturik koadro eta maketa instalazio bat ere.
Aitzindariak. Zer edo zer izatekotan, horixe izan dira Martinez eta Lainez. Hain justu, erakusketa dagoen tokian bertan hasi ziren dantzan. Aspaldi, baina. Garai horretan, egoitza ez zen Donostia 2016ren gunea, ez eta suhiltzaileen bilgunea ere. Kontserbatorioa izan zen, eta goi-goiko pisuan dantzarako espazio bat zuen. Nerabeak ziren. Eta hamasei urterekin murgildu ziren egiatan dantza profesionalaren munduan; Donostiatik Amsterdamera joan ziren, eta bertan Het Nationale balletean egin zuten dantza, bost urtez. Atzerrian ikasitakoa sorterrian erakusteko grina izan zuten gero. Eta era horretan, Donostiara bueltatu ziren, eta Anexa konpainia eratu zuten 1972an. Abangoardian kokatu dute adituek ordukoa. «Apurtzailea eta probokatzailea» zen egiten zuten hura. Euskal Herriko lehenengo dantza garaikideko konpainia izan zen
Handik, Bartzelonako Caspe antzokira egin zuten salto; ostean, Institut del Teatreko lantaldean sartu ziren, eta bolada batera, Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioko dantza saileko zuzendariak izan ziren. Ez zuten bidea eten, hala ere. 1980ko hamarkadan Yauzkari dantza garaikideko taldea sortu zuten, «ziztatzaile, ausarta, lotsagabe, probokatzaile eta konprometitua». Eta denbora pasatuta ere, sortzen segitu zuten: 2011n eman zen haiek pentsatutako azken obra, Becket 5, Iruñeko Gaiarre antzokian. Ehundutako ibilbide horien zertzeladak antzematen dira erakusketan, urtez urteko kronologia bat ipini dute-eta, garaiko dokumentuekin.
Hunkituta azaldu dira bai Martinez bai Lainez ere bildumarekin. Iraganari so egin dio bigarren horrek: «Gozamen hutsa da niretzat. Ingurura begira horrenbeste oroitzapen etortzen zaizkit... Garai batetik aurrera praktikara eramateko ez ziren koreografiak idazten hasi nintzen, eta horiek hemen daude». Komisarioen lana goraipatu du, halaber. «Badirudi nire buru barruan sartu direla eta hona ekarri dituztela han zeuden ideia horiek guztiak».