Yto Barrada
Lekua: Tabakalera, Donostia. Noiz arte: Urriaren 9ra arte.Palmondoak, antena parabolikoz apainduriko eraikin zuriak, eta kolore biziak hormetan. Kaleetan zehar sumatzen diren usain sendoak falta dira, jende andanak, oihuak... baina argi dago erakustaretoko atea igarotzearekin batera Yto Barrada artistaren banakako erakusketa honek Marokora eraman gaituela. Gibraltarreko itsasartea igaro dugu, magiaz beharbada, baina Marokon gaude.
Koloretako bonbillaz jantzitako bi palmondo aurrez aurre. Exotismorik ez dago salgai hemen, ordea. Twin Palm Island lana da. Argiek espektakulura garamatzate, urrezko garaietara. Argiek erakarri egiten gaituzte, garai bateko kasino handi eta zinema aretoetako —alegia, helduen jolastokietako— sarreren gisara. Bertaratu beharra dago irri egin nahi badugu, gozatu nahi badugu. Haurrak bagina bezala, eskorgetatik tira eta palmondoak geureganatuz; eta hala gertatu da Marokon, bere historia kolonialari loturik, Europako biztanleen jolastoki bihurtuz.
Modernitateari segika, etorkizun hobeagoaren promesa utopiko baina faltsuaren aitzakiarekin estaliaz, jolastokiaren mugak hedatuz joan dira eta hirigintza bera ere, turismo horren beharrei erantzuna emanez garatu da hainbat tokitan, baita proiektu esperimentalen laborategi izan ere. Porrotera kondenaturiko etxegintza proiektu horietako bat Michel Ecochard arkitekto frantsesaren eskutik etorritakoa izan zen, mendebaldean sorturiko modelo unibertsalak eraikiz Maroko bertako biztanleen benetako beharrei erantzun gabe.
Horrela, hirigintza dela eta, maiz benetako gertakizunek fikziozkoak dirudite, eta fikziozkoek, berriz, egiazko. Zenbatetan ikusi izan dugu hiri baten gainazaleko apaintzea, zer eta bisitari garrantzitsu baten begietan soilik duin agertzeagatik, hura pasatu ondoren bere benetako errealitatera itzuliaz guztia? Eta, berriz, inori bururatuko al zitzaion inoiz, etxegintzaren espekulazioa dela eta ingurune berdeak babesteko zauritutako palmondo bati, bizirik irauteko, hormigoizko basamentua ipintzea bezalako ekintza subertsiboen beharra izango zenik?
Historia kolonialari loturiko hirigintzaren inguruko hausnarketa planteatzen du Barradak, geure begiradek askotan topatzen ez dituzten kale izkinetatik hasi eta etxeen barnealdeetara garamatzalarik hormetako paperen bidez; dekorazio motiboek, atzera, kalera irtenarazten gaituzte.
Fikzioaren eta benetakotasunaren arteko jolasa ez da hemen amaitzen ordea, eta maiz, biak uztartu eta plano berean nahasteko elementu gisa magia erabiltzen du artistak. Magia dela dirudi, Atlasaren inguruan bizi diren artisauen eskuetatik, harriak landuz banan-banan, antzinateko fosilak sortzea. Faltsuturiko fosilen artetik, ordea, benetako tradizio berrien errotzea gauzatu da; paradoxikoki, XIX. mendeko paleontologoen espedizioek bultzaturiko benetako fosilen merkatua aprobetxatuz, faltsuturiko fosilen egungo merkatua sortuz. Ala Faux Départ filmean ikusi ditugunak benetakoak ziren?
Lokailuak etengabekoak dira erakusketa guztian zehar, eta pieza batetik irteten den sustrai bakoitzak jarraipen zuzena du beste lanetan ere. Marokoko historia kolonialaren baitako gertaera ezberdinen eta horien ondorioen hausnarketa sustrai nagusi horietako bat da; hirigintza eta tradizio berrien oinarri gisa mantendu direnak batzuk; beste batzuk badira, ordea, historiaren muga pasatu ez dutenak. Therese Riviere etnografo frantziarrak Aljerian burutu zuen haurren jostailuen bildumatze eta azterketa lana izan zen horietako bat. Historiak ahazturiko gertakizun horiek memoriara ekartze aldera, bilduma honetako jostailuak banan-banan fotografiatu ditu Barradak; eta erakusketan zehar zabaltzen diren sustraiek, Escherren eskailerak bailiran, berriz ere, atzera, jolasen ingurunera garamatzate.
Tangerreko plazako iturginek lana aurkitzeko itxaropenarekin egiten dituzten muntaiek ere jolasen ondorioak dirudite, baina artisautza lanak dira guztiz, lurrean, motibo geometriko modernistak dituen alfonbra bezalaxe. Alfonbra horietako hamaika alboko bideoko kontrabandistaren gorputzean ezkutatzen dira bitartean.
Kateaturik dago guztia. Ez da ezer dirudien bezain sinplea, ez gainazalekoa; horretaz erakusketan aurrera zoazen heinean konturatzen zara. Ez dago usain sendorik, jende andanarik, oihurik, baina faltan ere ez da sumatzen horrelakorik. Hau ez baita postaletan saltzen den Maroko, eta ez baita Marokoz soilik ari.
Hasi, magiaz hasi dugu, magiaz igaroz Gibraltarreko itsasertza. Eta amaitu ere, magiaz amaitu dugu. Hala ere, orain ez nago hain ziur soilik itsasertzaren bestaldean gaudenik.