Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Itsaso zabalegia

$
0
0

'L'Odyssée'

Zuzendaria: Jerome Salle. Aktoreak: Lambert Wilson, Pierre Niney, Audrey Tautou. Herrialdea: Frantzia-Belgika. Iraupena: 122 min.

Luc Besson buru duen Frantziako zinemagintzako adar beraren barruan sartzen ahal da Jerome Salle zuzendaria: AEBetako produkzio ikusgarrien molde handinahiak Europara ekarri nahi dituen zinemagileena, alegia. Joera hori nabarmena da haren filmografia laburrean, eta erraz aski antzematen ahal da Jacques Cousteauren inguruan egin duen biopic honetan.

Teknikoki gauzatze txukuneko filma da L'Odyssée: urpeko irudi ikusgarriz beterik dago, paisaia txundigarriak ere baditu eta, oro har, barkuko zein lehorreko pasarteak taxuz daude filmatuta.

Arazoa da pelikulak imitatu nahi dituen AEBetako gisa honetako ekoizpen askok dituzten gabezia berberak dituela: pertsonaiengan sakontzeko ahalegin handirik ez da ikusten, eta istorioak atal desberdinen batuketa gisa eginen du aurrera, osotasunezko loturarik gabe.

Gauza gehiegi kontatu nahi izana da L'Odyssée-ren zama nagusia. Asko dago Cousteauren inguruan esateko; horietako gehienak kontu interesgarriak dira, baina antzua da hori guztia film bakar batean sartu nahi izatea. Itxuraz, aita eta semeetako baten arteko harremana da pelikularen gai nagusia, baina hori garatu bitartean gehiegitan desbideratuko da pelikula. Horren ondorioz, filma sobera luzea suertatuko da, eta huts eginen du ustez nagusia zen gai hori jorratzeko modu atonalean.

Filmaren alde esaten ahal da Cousteau komandantea zenaren alde ilun batzuk ere erakusten dituela. Hori egia izanik, egia hori ñabartu beharko litzateke; amaiera aldean, ekologismoa deskubritzearekin batera, haren nortasunaren ezaugarriak dezente eztituko baititu, eta harentzat deserosoa den emaztearen pertsonaia guztiz desagerraraziko du.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik