Non: Donostiako Egia auzoko Gazteszena kultur etxean. Noiz: Urriaren 1ean, 21:00etan. Bere garaian, arrakastaren bidean gainditu beharreko proba bat zen irrati eta arrakasta zerrendena pop talde britainiarrentzat, eta halaxe egin zuen Lloyd Cole and The Commotionsek 1984an, Rattlesnakes beren lehen diskoarekin. Hiru diskoren ondoren eta gitarra lagun zuela, bakarkako ibilbideari ekin zion Lloyd abeslariak. Hala jarraitzen du oraindik ere, eta urriaren 1ean Donostian arituko da, Egia auzoko Gazteszena aretoan. Ikusteko dago ezustekoetarako tarterik utziko duen, baina jarraitzaileak abesti klasikoenekin gogobeteko dituen itxura osoa du kontzertuak; hori iradokitzen du egiten ari den birarako aukeratu duen izenak: Playing the classic LLoyd Cole songbook 1983-1996. Ikustera joaten direnen belarriak goxatzen saiatuko da Perfect Skin, Are you ready to be heartbroken, Rich eta halako abesti ezagunekin.
↧