Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Etxe baten heriotza

$
0
0
Zimurrak komikiaren arrakastaren ondotik, Paco Rocak etengabe jarraitu du liburu gomendagarriak bata bestearen atzetik argitaratzen. Horren erakusgarri dira, nabarmenenak aipatzearren, Las calles de arena (2009) kontakizun surrealista, Tio Vivo aldizkariaren sorreraren kronika gisako El invierno del dibujante (2010) eta Los surcos del Azar (2013), zeinetan Gerra Zibileko errepublikano erbesteratuaren gerratik gerrarako infernuko odisea biltzen den. Eta iaz kaleratu baina apirilean Bego Montoriok euskaratuta argitaratu zen Etxea-rekin ere bete-betean asmatu du komikigile valentziarrak.

Kontakizuna mugatzen den espazioari egiten dio erreferentzia Etxea izenburuak, gertakizun guztiak aita hil eta hiru neba-arrebek saltzeko asmoa duten bigarren etxebizitzaren bueltan biltzen direlako. Saldu aurretik, ordea, elkarrekin igaroko dute asteburu bat etxea txukuntzen, iraganean hainbatetan egin antzera. Izan ere, etxe horren eraikuntzan familia osoak hartu zuen parte, eta guztiek ere oroimena etxeko hormetara itsatsia dute. Horrela, gai nagusia aitaren heriotza dela esan badaiteke ere, heriotza osteko dolu eszenek osatzen dute korapiloaren gakoa: askotariko oroimen eta nostalgia ariketek, amorrazio une zein neba-arreben arteko liskarrek eta adiskidetze eta onarpenaren faseko adierazpenek berebiziko indar afektiboa eransten diote kontakizunari. Eta protagonista nagusiak ez dagoen aita, bi anaiak eta arreba izanik, bakoitzaren bikotekide zein seme-alabek eta Manolo auzoak erpin eta hari mataza gehiago gehitzen dizkio familia harreman sare horri. Azken horren ahotik entzungo dugu gainerakoentzat aita edo aitona zen Antonioren izena ere, liburuaren amaierako azken eszena hunkigarrian. Gainera, aukeraturiko elkarrizketa zatiak eta bestelako elementuak nobelan zehar hedatzearen ondorioz, Rocak pertsonaia bakoitzaren emozioak, bizipenak eta sentimenduak fintasunez zehazten asmatu du, denengan gertatzen den barne-bilakaera azaleratzeraino.

Formatu etzanak aurkezten dituen erronkekin ere ausart ibili da Roca. Bineten kokapenarekin eta irakurketa norabidearekin askotariko aukerak baliatu ditu, eta bineten arteko jolasak oso eraginkorrak dira hitzez adierazten ez dena irudien bidez iradokitzeko (bi orrialdeen arteko loturak, egitura jakinak eszenak egituratzeko, denbora igarotzearen irudi esanguratsuak). Kolore-paletaren hautua ere ez da edonolakoa; kolore beroak gailentzen dira eta lorturiko emaitza kolore mediterraneoen nahasketa bat dela esan daiteke, etxearen geografiarekin erabateko kontsonantzia lortuz. Adibidez,kontrastea egiteko urdin hotza erabili da bineten atzeko aldean zein aitaren aurpegian ospitalean dagoen bitartean (zinez zirraragarria da aita txikiagotzen eta azkenean erabat urdin bihurtzen den kontakizuneko unea). Flashback-en erabilera ere koloreen bidez bereizten da, ezin egokiago, hori ere.

Etxea liburuan ibilbide sendoa, ikuspuntu artetsua eta esperientziaren eskarmentua bere alde dituela erakutsi du beste behin ere Rocak. Espero dezagun gailurra jo ez izana eta etorkizunean ere komiki on bezain arrakastatsuak idazten, marrazten eta koloreztatzen jarrai dezala, euskaraz irakurtzeko aukera ere izan dezagun.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik