Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Dantza maitatzeko sasoia

$
0
0
Dantza ikuskizun anitz izanen dira Miarritzen datozen egunotan. Izan ere, Maitaldia dantza jaialdiaren 26. aldia eginen dute irailaren 9tik 18ra. Guztira, 26 dantza konpainiak parte hartuko dute, munduko hainbat lekutatik etorritakoak. «Aldiro saiatzen gara dantza forma ezberdinak erakusten. Hainbat artistarentzat lehen aldia izanen da Miarritzera datozela», aipatu du Thierry Malandain Maitaldia jaialdiko zuzendari artistikoak.

Gaur izanen da lehen ikuskizuna, Gare du Midin, 21:00etan. Hofesh Shechter dantza taldea arituko da, izen bereko israeldar koreografoak gidaturik. Hofesh Shcechter's Barbarians izena du obrak. Dantza eta hainbat musika mota uztartuz, rock, klasikoa edota folklorikoa, maitasuna, pasioa eta antzeko gai sakonak jorratuko dituzte, hirukotean, binaka eta seikotean egindako piezetan.

Askotarikoak dira publikoak ikusi ahalko dituen ikuskizunak. Emanaldi nagusiak Gare du Midin, Koliseoan eta Kasinoan izanen dira. Sartzea ordainpekoa izanen da. Urtero bezala, «denetarik» izanen dela baieztatu du Malandainek. Ikuskizun klasiko bat eskainiko du, esaterako, Alsaziako Opera Nazionaleko Balletak irailaren 11an, 21:00etan Gare du Midin.

Hip hop dantza estiloaz gozatzeko aukera ere izanen da, Arroxelako Koreografia Zentro Nazionalaren eskutik. Irailaren 13an, 21:00etan izanen da, Gare du Midin. Hango zuzendari Kader Attouren 14. sorkuntza lana da. Hamasei dantzari balletaren eta hip hoparen artean mugituko dira.

Flamenko saioa ezinbestekoa izan ohi da jaialdian. Eva Yerbabuena da aurtengo gomitatua. Nazioartean ezaguna, lehen aldiz eginen du ikuskizuna Miarritzen, irailaren 10ean, 21:00etan, Kasinoan. Flamenkoan iaioak diren dantzari, kantari eta instrumentu jotzaileek lagunduko dute.

Beste estilo batean, dantza eta antzerkia uztartuko dituzte konpainia batzuek. Teatro Fisiko dantza taldea osatzen dute Argentinako bi gizonek. Haien ikuskizunean eredu maskulinoak irauliko dituzte. Emanaldia irailaren 10ean izanen da, 19:00etan, Koliseoan. Andrea Bescond artistak, dantza eta hitza lotzen dituen ikuskizuna eskainiko du Koliseoan irailaren 14an, 21:00etan. Hainbat pertsonaiaren azalean jarri, eta istorioak antzeztuko ditu, gordintasunez asko.

Ordainpeko ikuskizunez gain, doakoak antolatu dituzte itsasargiko zelaigunean, Bellevue plazan eta Kasinoko plazan, jaialdiaz edonork goza dezan. Manso'o'bigi, Zarena Zarelako, Kepa Agirre & Zam Ebale, Lasala eta Manifeste konpainia dantza taldeek eginen dituzte ikuskizunak.

Horrez gain, hainbat dantza taldek entseguak eginen dituzte haien emanaldiaren egunean, 12:30etan. Eva Yerbabuena, Revolution konpainia, Arroxelako Koreografia Zentro Nazionala, Dantzaz taldea, Ando Danse konpainia eta Pedro Pauwels konpainia izanen dira publikoaren aitzinean entseguak eginen dituztenak. Horretaz guztiaz gain, dokumentalen proiekzioak eta tailerrak prestatu dituzte, dantzaren munduan barneratzeko. L'homme qui danse, Hip hop BGirls, Passeurs de danse eta Ballet dokumentalak emanen dituzte, irailaren 13an, 14an, 15ean eta 16an, hurrenez hurren.

Dantza deskubritzeko

Publikoa askotarikoa delako eskaintzen dituzte estilo oso ezberdineko ikuskizunak, Malandainek dioenez. «Mundu guztiak ez du gauza bera gustuko».

Gero eta konfiantza handiagoa sumatzen du publikoan Malandainek. «Jende gehiago biltzen da urtez urte. Hain ezagunak ez diren ikuskizunez gozatzera etortzen dira asko, gauza berriak deskubritzera, nazioartean oraindik sona handikoak ez direnak», azaldu du.

Iaz, 19.000 lagun erakarri zituen jaialdiak, eta aurtengo aurreikuspenak baikorrak dira. Izan ere, txartel erreserbei dagokienez, «oso ongi» doaz. Jende dezente izanen duten konbentzimendua du Malandainek.

Sarrerak hainbat lekutan eros daitezke : Miarritze, Angelu, Baiona, Hendaia eta Donibane Lohizuneko turismo bulegoetan, Baionako Elkar dendan eta Miarritzeko Gare du Midin. Bestalde, txartel bat ez ezik, bi, lau, sei eta hamar ikuskizunetara joateko txartelak ere eros daitezke.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: letepmsdaimer.com

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik