Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Argazkitik musikara

$
0
0

Euskadiko eta Bilboko orkestra sinfonikoak



Zuzendaria: Victor Pablo Perez. Abesbatzak: Iruñeko eta Donostiako Orfeoiak, Easo Eskolania eta Araoz Gazte. Egitaraua: H. Berliozen Te Deum, A. Madinaren Aita Gurea eta P. Sorozabalen Gernika. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 31

Denek nahi zuten jaso beren sakelako telefonoetan egun historiko honen argazkia. Euskal musika erakunderik garrantzitsuenak agertokian elkarturik, euskal politika, gizarte eta kulturako agintariak harmailetan. Azken horiek garbi ikusi zuten beren obsesio bilakatzen den argazki itxurosoa honako honetan garrantzirik gabeko zeregina zela; musikak politika gailendu zuen, musikak gizartean guztiz barneratuta egon nahi du, hasierako lehen hezkuntzatik gure auditoriumak gainezka betetzen dituzten adineko entzuleetara. Askotan aitortu dudan bezala, baditugu lehengai ongarriak Europan izen txiki bat izateko, pikotxa eta pala hartu eta euskaldunak lan emankorra gauzatzeko jarrera betiere azaldu izan ohi du, horra hor arabar arrastorik gabe ?Juanjo Mena zuzendariaren presentziaren falta izugarria sumatu nuen? interpretatu zen Hector Berliozen Te Deum erraldoia. Eserlekuetan erosotasun osoz gozatzen aritu ziren goi-agintariak kulturarekiko norabide bakarreko apustu zintzoa gauzatuko balute, agian gure orkestra, abesbatza, kontserbatorio, musika eskola eta hezkuntza orokorreko ikastetxe guztien osasuna goi mailakoa izango litzateke. Berliozek bere estreinaldian 900 musikari taularatu zituen, horietatik 600 bat haur abesbatzan. Musika Hamabostaldia ixteko egituratu den emanaldian, aldiz, estreinaldiko kopurutik erdira pasatu ginen, eta laurehun eta piko interpreteetatik, 88 haur soilik. Proportzioa gizartearen isla garbia da, lan handia dugu aurretik.

Argazkian ez ginen geratu, eskerrak! Eskainitako musika goraipatzekoa izan zen, zentzu handirik gabe txertatu ziren bi obra txikiak ikuskizuneko handitasun printza bilakatzeraino. Madinaren Aita Gurea-ren abesbatzaren sarrerako lehen hamar segundoak eta Pablo Sorozabalen Gernika hileta martxan Sallaberrik jasotako Lurraren pean kantaren hitzak lazgarriak izan ziren, musikaren hitz-jario marmarrak eta alderdi maiestatetsuak dotorezia txalogarriz erakutsiaz. Iruñeko eta Donostiako Orfeoiak boteretsu, baxu eta emakume ahotsetan bereziki, Easo Eskolaniako bi abesbatzak distira handian, nahiz eta orkestrak beren lekutxoa erraztasun osoz ez utzi. Euskadiko eta Bilboko orkestrako hari instrumentuko kideak atriletan nahasturik, senidetasun pozgarrian, nahiz eta haizeetan berdina ez gertatu, zeharo ulergaitza. Iparraldeko Thomas Ospital organo-jotzaile gaztearen ekarpena maisutasunez entzun zen eta euskal festa honetatik at genuen Victor Pablo Perez zuzendaria pasio eta leuntasunez inguratu zituen laurehun musikariak bere esku indartsuen bitartez, oro besarkatuz. Christian Elsner tenorra hotz hasi zen Te ergo quaesumus ataleko partaidetzan, nahiz eta segituan esanguratsuago agertu. Dirurik gabeko aldi honetan, Musika Hamabostaldiak koroatze ikusgarria azaldu du, egun handi hauek argazkitik musikara pasatzeko pentsatu direla frogatu nahian. Ea palkoa bete zuten belarriek agertokian azaldutako kulturari sustatze indarra txertatzen dioten, bestela bulegoan markoan ipintzen dugun betiko argazkian geratuko gara.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik